Musika. Magick Brothers & Mystic Sister 'Magick Brother & Mystic Sister'

Mistizismoaren magia

Diskoetxea: The John Colby Sect.

2020ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Magick Brother & Mystic Sister taldea 2013an eratu zen, Bartzelonan, Soft Machine, Skin Alley eta Jethro Tull taldeen bertsioak zuzenean jotzeko asmoz —taldearen izena Gong taldearen estreinako diskoko lehenengo kantutik hartu zuten—. Gerora, doinu propioak egiten hasi ziren: «Jazz espaziala, rock kosmikoa eta soinu banda erotikoak». Orriotara ekarritako iraupen luzeko diskoa da orain arte argitaratu duten erreferentzia bakarra, zeina erabat agortuta dagoen.

Aurreko aipamenei jarraikiz, irakurleak erraz irudika dezake zer zabaltzen duten grabazioan bildutako hamar kantuek. Horri lotuta, taldearen Bandcampean jasotako deskribapenak asko lagun dezake, oso paragrafo esanguratsua baita: «Magia eta mistizismoa. Anai-arrebak. Batasuna eta elkartasuna. Beharrezko dualtasuna. Borondatea eta boterea. Agertokiak, lurraldeak, sentsazioak eta sinboloak transmititzeko aukerak aztertzen dituzten abestiak. Ihesbideak eta sedukzioa, zientzia kosmikoa eta iradokitzailea, lurra, airea, sua, uretako formak. Anaia Magikoak eta Ahizpa Mistikoak, intuizioaz harago adierazten direnak psikodeliaren bidez».

Nire hiztegian kabitzen ez deskribapen mistiko eta magiko hori gorabehera, Eva Muntada (ahotsa, pianoa, organoa, sintetizadoreak eta mellotron), Xavi Sandoval (gitarra, sitarra eta baxua, eta nahasketak), Maya Fernandez (flauta) eta Marc Tena (ahotsa eta bateria) musikariek gauzatu duten lana aparta da. Irudimentsua eta kaleidoskopikoa, burmuinean iltzatzen da, norbera eraldatzeko asmoz.

Ez ditut estilo honetako diskoak sarri entzuten; kontrara, oso lantzean behin gerturatzen naiz rock progresiboan bustitako grabazioetara, zehaztasun falta nabaritzen baitiet. Disko honek, baina, erabat harrapatu nau, aurtengo lan onen artean dagoela aitortu arte. Hartara, estilo horietan iaioak ez diren entzuleak bidaia kosmiko batera eramango ditu, zer esanik ez atmosfera lisergikoetan murgiltzera ohituta dauden zaleak; besteak beste, Itoizen lehenengo diskoen zaleak di-da sorginduko ditu.

Musikarien lana bikaina da, hala konposizioan zein exekuzioan. Horrekin batera azpimarragarria da Didac Ruiz perkusio afrikarreko laukotearen lana, erritmo beltz dantzagarriak gehitzeko, Waterforms edo soul ukituak trazatzeko, Movement 2.

Diskoaren amaiera sekulakoa da, Instructions for judgment visions espaziala, Timothy Leary, Ralph Metzner eta Richard Alpertek 1964an idatzitako The Psychedelic Experience: A Manual Based on The Tibetan Book of the Dead (Esperientzia psikodelikoa: Hilen Tibeteko Liburuan oinarritutako eskuliburua) liburuko testuekin osatua, Les Vampires apokaliptikorekin lotzen denean. Sublimea eta askatzailea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.