Musika. Songhoy Blues 'Optimisme'

Rock etnikoko pieza borobila

Diskoetxea: Transgressive Records.

Andoni Tolosa.
2020ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Ustekabean harrapatuko zaitu Maliko taldearen hirugarren lan luzea irekitzen duen hard-rock kantu indartsuak; Badala-k. Ziurrenik, ezer etnikoagoa, edo afrikarragoa, edo dantzagarriagoa uste zenuelako. Baina ez, zaplazteko baten moduan jasoko duzu lehenengo hau, eta datorrenerako jakin-nahia esnatuko zaizu. Timbuktuko musikariez osatutako talde batengandik espero zitekeenaren bidetik jotzen du hurrengoak. Assadja-k basamortuko bluesarekin lotzen ditugun elementuak erakutsiko dizkigu nabarmen; erritmo hipnotikoak, gitarra elektriko hegalariak eta melodia eraginkorrak, afrika beltzaren eta arabiarraren arteko zubi hori. Hori da horrelako talde batengandik espero daitekeena. Hurrengoak, Fey Fey-k, afrobeat aldera egitenduen arren, ez dio intentsitaterik kentzen kantu-bildumari, eta bai, ordea, indartu diskoaren ekoizpena horrelako diskoetan ohikoa dena baino ahaltsuagoa deneko ustea. Ziurrenik, bateriak eta baxuak erakusten duten sendotasuna dela eta.

Egia da orain arteko diskoetan beti agertu dutela rock aldera lerratzeko joera, baina Optimisme-n aurrerapauso bat eman dute. Berezkotasunik galdu ez badute ere, konplexuak astintzen dituzte, adibidez, Gabi kantuko gitarren distortsio eta amaierako feedback jolas lotsagabeekin. Ez, ez zaio indarrik falta disko honi, bide beretik jarraituko baitu Barre kantuak.

Hurrengora arte itxaron beharko duzu lana, apur bat, sosegatu eta balada moduko bat topatzeko, Pour Toi izenekoa.Segidan datorren Bon Bon kantuaren sarrera izango da, berriz, modu akustikoan emandako bakarretakoa. Kantua, ordea, aurrera egin ahala, ukitu psikodeliko eta erritmo ertaineko beste rock-etniko pieza bikaina bihurtuko da. Gitarra elektrikoek, bien bitartean, disko osoko bazter txikienak ere ehuntzen jarraituko dute, modu lisergikoan, bereziki ingelesez kantatutako Worry-n. Gozo aldera joko du taldeak Korfo-n, baina aurrekoetan esan moduan, alde batera utzi gabe aiurri rockeroa. Amaiera sumatzen da. Hamargarrenak, Dournia-k, jite bera erakutsiko du melodia argitsuagoa izanagatik ere, eta bidea irekiko dio diskoa ixten duen Kouma balada puskari.

Laburtzeko, esan daiteke entzule rockeroak zein afro-zaleak asetzeko moduko diskoa dela hau. Une batzuetan,bat baino gehiago harrituko du. Komeni da, beraz, aurreiritzi gehiegirik gabe hurbiltzea rock etniko pieza borobil honekin ganoraz gozatzeko. A, eta ez ahaztu, hala eta guztiz ere, basamortuko airea alde batetik bestera dabil, nabarmen kantuek aurrera egin ahala. Eta ongi saihestudute mendebaldeko gustuko rock disko konbentzionala egiteko arriskua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.