Musika. Our Native Daughters 'Songs of Our Native Daughters'

Ahizpa afro-amerikarren adorea

Diskoetxea: Smithsonian Folkways Records.

Andoni Tolosa.
2019ko otsailaren 24a
00:00
Entzun
Bai noski, hau intentzio onez jantzitako disko horietako bat da, non hainbat artistak bat egiten duten proiektu komun baten mesedetan. Dena dela, astindu aurreiritziak, hau horietako disko bat izanagatik ere, lan borobila delako, esanguratsua, zentzuduna eta, beraz, aipagarria. Berezi egiten duen lehenengo ezaugarria proiektura bildu diren lau artisten izenak dira. Lau emakume beltz eta banjo-jotzaile dira; Rhiannon Giddens eta Leyla Mackalla (Carolina Chocolate Drops ohiak) ezagunak, eta «itzalekoagoak» gertatzen diren Allison Russell eta Amythyst Kiah gaztea. Konpainia ezin hobea horrelako disko bat egiteko, bat egiten baitute zentzu askotan. Adibidez, herri musika afro-amerikarraren gaineko ezagutza eta estimazioan, eta diskoz disko erakusten duten hura ikertzeko grina horretan. Baina, batez ere, bat egiten dute tradizio hori berrirakurtzeko erabiltzen dituzten betaurreko aurrerakoi eta moreak janztean. Alde batera utzi gabe, jakina, haien trebezia eta gustu musikala, diskoan zehar etengabe agertzen dena.

Rhiannon Gidensek bultzatu zuen proiektua, 2016ko The Bird On A Nation filmaren eszena batek sortutako amorruak eraginda. Filmean, besteak beste, esklabo beltz baten bortxaketa azaltzen da, baina filmak arreta emakumearengan jarri beharrean, haren senarrarengan duen eragina kontatzen du. Honelaxe azaltzen du Giddensek berak: «Hau da emakume afro-amerikarra. Erabilia, gaizki tratatua, alde batera utzia eta mespretxatua, baina egoera horren aurrean, izugarri ausarta, berritzailea eta tematia. Emakume beltzek gehiago eduki dute galtzeko historikoki, eta, hain zuzen ere, horregatik, justiziaren aldeko borrokalaririk sutsuenak izan dira». Horixe da diskoaren zioa, emakume afro-amerikarren adorearen historia kantuekin ilustratzea, ezagutzera ematea, eta, alde horretatik, haiekiko omenalditzat har daiteke diskoa.

Hamahiru kantu dira guztira, hainbat garai eta estilotakoak baina modu zuzenean (batzuetan era gordinean) mendetako ankerkeriaren berri ematen dutenak. Esate baterako, Sid Hemphillen Black Myself kantuaren bertsio gaurkotuak irekitzen du diskoa; bertan, Etta Baker kantari eta gitarra-jotzailearen istorioa kontatzen da, nola 60 urte bete arte senarrak ez zion publikoan jotzen utzi. Baina badira kontu dramatikoagoak ere: ahots eta perkusioekin soilik kantatutako Mama's Cryn' Long kantu herrikoiak azaltzen duena, adibidez: nola lintxatu zuten semeak bortxatu ondoren hura akabatu zuen emakumea.

Ez pentsa, ordea, disko iluna denik. Musikalki askotarikoa da; folk, blues, gospel, Karibeko erritmoak... eta interpretazio «argiz» betea: Blood And Bones, Music & Joy edo Moon Meets Te Sun... erresistentziarako eta lanerako dei baten modukoa da lana bere osotasunean. Ekinerako lanabes egokia ere gertatzen da musika halakoetan. Bejondeiela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.