Musika. Comet Gain 'Fireraisers Forever!'

Malenkoniatik ernegura

Diskoetxea: Tapete Records.

2019ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
David Feck gitarra jotzaile eta abeslari britainiarrak 1992an abiatu zuen Comet Gain. Harrezkeroztik. iraupen luzeko bederatzi disko eta makina bat single eta EP argitaratu ditu. Grabazio horiek antzeko ezaugarriak biltzen dituzte: soularekiko grina, garage-rockaren ausardi nerabea, punk-rockaren ohiko amorrua eta pop melodien goxotasuna. Lagun bati grabatutako zinta analogiko batean jasota egongo balira bezala uztartzen ditu osagaiok Feckek, eta nostalgia ukitu nabarmena ere eransten die, Frantziako Nouvelle Vague zine-mugimenduaren estetikaz eta collageetan erabilitako moztu-itsatsi metodoaz baliatuta.

Hala, Comet Gainek egindako ibilbidea Fecken burmuin, begi eta belarrietan metatutako pop erreferentzien isla da; dotorea, baina, era berean, amateur kutsua haizatzen duena, do-it-yourself filosofiatik gertu. Hori dela eta, Riot Grrrl korronte feministarekin ere lotu izan da—Huggy Bear taldeko kide ohi Jon Slade gitarristak Comet Gainen lan laudatuenean parte hartu zuen (Realistes)—.

Bada, 2014an, Paperback Ghosts izenburuko lana kaleratu zuten britainiarrek. Disko lasaia da, giro goibeletan uzkurtutakoa, orbel artean egindako azaleko argazkia tarteko. Handik urtebetera, iraupen laburreko Fingerprint Ritual E.P. lan lisergikoa plazaratu zuten. Ordutik, isilik egon dira, iragan udan Alemaniako Tapete Records diskoetxeak lan berria kaleratuko zutela iragarri zuen arte: «Paperback Ghosts diskoan bildutako malenkonia haserre bihurtu da oraingoan, Rationals, Nerves, The Jam, Dead Moon taldeak eta Back From The Grave, Fading Yellow eta Messthetics bildumak entzuten egon ostean. (...) Imajina ezazue zein soinu izango lukeen Rufus Thomasek Swell Mapsekin batuko balitz».

Hartara, tristeziatik oldarkortasunera egindako jauzi horrek Comet Gainek orain arte plazaratutako lan sendoenetarikoa ekarri du, Fireraisers Forever! taldearen lan onenen parekoa baita.

Horretarako, Comet Gainek ekoizpen gordinago baten alde egin du, aldarri iraultzaileak azpimarratzeko. Diskoa zabaltzen duen We're All Fucking Morons entzutea baino ez dago: «Hondamenaren begiraleak gara, ikusle liberalak». Kantu horretan teklatuen lana nabarmena da, baita disko osoan ere, Werewolf Jacket-en entzuten den Farfisa teklatua kasu. The Institute Debased-ek ere antzeko trazak erakusten ditu, fuzz gitarrek bultzatutako garage oihu primitiboa baita. Haatik, pop tarte eztietarako lekua ere badago diskotzar honetan; tartean, diskoak gordetzen duen abestirik ederrena, The Godfrey Brothers, zeinak Swell Maps post-punk talde britainiarra abiatu zuten Nikki Sudden eta Epic Soundtracks anaien inguruko hitzak biltzen dituen. Hor ere teklatuen lana goraipatzekoa da, bai eta pedal steelaren eta gitarren ahalegina ere. Mid 8Ts doinuan, halaber, jangle gitarra kiriotsuak gailentzen dira teklatuen laguntzaz, pilula itsaskorra sortzeko. Finean, suteak zein malkoak eragin ditzakeen kaleko obra bat da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.