Musika. Mayhem Daemon

Historia eta istorioak

Diskoetxea: Century Media.

Inaxio Esnaola Aranzadi.
2019ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Hogeita bost urte bete ditu De Mysteriis Dom Sathanas disko aitzindariak, Norvegiako Mayhem black metal taldearen estreinakoak. Hiru urte eman dituzte urtemuga ospatzen eta lana osorik zuzenean jotzen. Dena dela, norvegiarren musikagintzari baino gehiago erreparatu ohi zaio musikarien arteko harremanei. Alegia, euren historiari buruzko istorio asko idatzi dira. Musikalki, berriz, iragan makurra berreskuratu dute Daemon lan berriarekin.

1998an argitaratu zen Lord of Chaos: The Bloody Rise of the Satanic Metal Underground liburuak nabarmendu zituen Mayhem bandako musikarien ibilerak. 90eko hamarkada hasieran Norvegian sorturiko black metal mugimendua du hizpide. Iaz, berriz, liburua oinarri hartuta, Lord of Chaos filma estreinatu zuen Jonas Akerlundek, Bathory taldeko bateria ohiak. Mayhemen historia fikziora behar baino gehiago eraman izana egotzi diote zuzendariari.

Iruzkinaren helburua ez da norvegiarren benetako historia kontatzea, baina komeni da aurrera egiteko atzera begiratzea. Gaur egun, soilik Necrobutcher baxu jotzailea da hasierako hiru kideetatik iraun duen bakarra. Manheim bateria jotzailea hastapenetan joan zen, eta 1993an Euronymous gitarra eta gidaria erail zuen Varg Vikernesek. Pasarte hark markatu zuen banda, eta mila bertsio idatzi dira gertatutakoaz. Istorioak istorio, musikak arreta handiagoa merezi du.

25 urte atzera egin du Mayhem taldeak. Black metal doinuen aditu zorrotzek lerro paralelo bat marraztu dute estreinako diskoaren eta Deamon berriaren artean. Agerikoa da antzekotasunak dituztela. Zuzena bezain gordina da. Erritmo bizkor eta zakarrek talka egiten dute Attila Csihar abeslari hungariarraren lan apartarekin. Ahots erregistro zabala du; urratua, xuxurlaria eta lirikoa. Estreinako lan aitzindarian egindako ekarpenak berretsi ditu oraingoan.

The Dying False King, Agenda Ignis eta Bad Blood zitalekin abiatzen da diskoa, eta seguru bat baino gehiago asaldatuko dela. Izan ere, norvegiarren benetako izaera oldarkorra azpimarratzen dute, arnasgune misteriotsuekin. Blast beat erritmoetara ohitu ez denak hobe du horrelakorik ez entzutea. Lanbroak estalitako hilerri bateko soinu banda baterako aproposak dira Malum, Aeon Daemonium eta Daemon Spawn. Zerri hotsekin hasten den Falsified and Hated apartak, berriz, dena hankaz gora jartzen du. Of Worms and Ruins basatiak beste horrenbeste.

Ez da sinetsi behar irakurtzen, ikusten edo entzuten den guztia. Iruzkinean emandako erreferentziak errepasatu nahi dituenak topatuko du historiaren zati bat. Gainerako guztia beste istorio bat da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.