Musika. Low 'Hey What'

Barne-infernuan

Diskoetxea: Sub Pop Records.

2021eko urriaren 24a
00:00
Entzun
Double Negative euren azken lana argitaratu zutela hiru urte pasatu ondoren, eta horrekin publiko handi baten artean kultuzko talde izendatu ondoren, Low Minnesotako taldeak lan berria plazaratu du, bere diskografia osoko hamahirugarrena. Oraingo honetan aurreko diskoko distortsioetatik haratago joan dira, euren soinua are gehiago eraldatuz, euren burua muturreraino eramanez, baina betiko taldearen esentzia mantenduz.

Baxu jotzaileak hamahiru urteren ondoren taldea utzita, betiko liderrak izan diren Alan Sparhawk eta Mimi Parkerrek bikote formatuan egin dute diskoa, eta hainbeste lan argitaratu ondoren erosotasunean lasaitu ez, eta euren buruengan duten konfiantza falta horretatik sortzen jarraitzen dute, lan zein baino zein harrigarriagoak lortuz. Aurrekoa bezala, elkarren artean fusionatzen eta nahasten diren abestiekin hasten da. White Horses-en gitarra distortsionatuak kasik agoniara eramaten dituzte, abesti erdian gorenera iritsi, pixkanaka lasaitzen joan, eta I Can Wait melodikoari lekua uzteko, eta kantu horren azken minutu erdia hurrengo All Night-en hasiera besterik ez dela esan daiteke... Abestiak kateatuz doaz euren artean, eta, askok ez bezala, bikain asmatzen dute distortsio eta soinu deserosoak soinu harmonikoekin, melodiekin eta koru eztiekin ere tartekatzen, horren eurena duten erlijio heziketa horretaz bustirik. Eta askok ez bezala lortzen dute esperimentazioaren bidez sormen lana zukutzean armonia mantentzea.

Azken lan honetan, mezuari dagokionez, bira bat eman dutela ezin da ukatu. Hitzek orokorrean unibertsalak izaten jarraitzen badute ere, bideoklipetan genero identitatearen inguruko aurreiritziei buruz ari direla esan daitekeela uste du batek baino gehiagok, More edo Disappearing kantuetan. Euren mezuan oso sotilak dira, eta ezin hobeto datoz bat beti erakutsi izan duten irudiarekin, Mimi bateria lasai jotzen eta Alan mikrofonoaren aurrean haur bat bezala dardarka ari direla. Horrela, Lowren diskurtsoa ere aberastu dute, erakutsiz Hey What ez dela aurreko Double Negative bezain apurtzailea eta ezustekoa, eta noizbehinkako entzuleari aldaketa erraz eta erosoago bat eskainiz. Hemen, There's a Comma After Still neketsu eta zail bakoitzeko, More popero eta melodikoago bat aurki dezakegu, Hey-ren bigarren zati lanbrotsutik Days Like These single entzuterraza sortzen den bezala.

Euren aurreko lanarekin konbikzioz aurre egin zioten bide malkartsuan finkatu da Low Hey What honetan, abesti berriekin ez erantzutea zaila den ustekabeko dei bat eginez. Mundu distopiko baten soinu banda izan zitekeen, diskoak irauten dituen 50 minutuetan itsaslaminen ahotsekin azken boladako mingostasuna erakustera ere iristen baitira.

Plazer bat da Low bikotearen buruetan dagoen barne-infernu hori entzutea, betiere noizean behin goxotasun eta melodia eztiekin tartekatuz, buruak eztanda egiteko bezalako anabasa bikaina lortzen baitute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.