Sansebastianak

Berdintasuna, doinu eta aldarri

Danbor txikiek girotu dute San Sebastian Eguna. Guztira, 41 ikastetxe izan dira desfilean, eta 4.828 haurrek parte hartu dute. Izan da berritasunik ere: aurten, lehen aldiz, ez da izan Easo Ederraren eta haren Ohorezko Damen pertsonaiarik. Aitor Ikastolari egokitu zaio pertsonaiak hautatzeko ardura.

48 konpainia. Zazpi ikastetxek bina konpainia atera dituzte. JON URBE / @FOKU.
Nagore Arin.
Donostia
2020ko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Haur Danborrada hasteko ordubete falta dela, danbor jotzailez betetzen hasi da Donostiako Alderdi Eder. Haurren oihuez, danbor hotsez eta argazkilarien flashez girotu da estanpa, eta argazkia beste urteetan bezain koloretsua da: kolore gorriz jantzita zenbait, urdinez edo berdez beste hainbat. San Sebastian martxa abesten ari da haur talde bat, oraindik hutsik dauden korridoreak beste ikastetxeetako haurrez betetzeko esperoan. Korridore pare bat igarota, ea danborrada noiz hasiko den galdetu dio haur batek alboan duen arduradunari. «Orratz biak hor goian batzen direnean», erantzun dio udaletxeko erlojua seinalatuz. Urduritasuna eta ezinegona batetik, ilusioa eta erantzukizuna bestetik; klasikorik ez da falta San Sebastian egunean. Edo, bai.
 


Hamabiak izateko hamar bat minutu falta dira, eta Aitor Ikastolako ikasleak balkoira noiz igo zain daude udaletxeko atarian. Aurtengoan, Haur Danborradaren historian lehen aldiz, ez da Easo Ederrik balkoira igotzeko esperoan. Aitor Ikastola arduratu da aurten pertsonaiak hautatzeaz, eta gurasoen elkarteak Easo Ederraren irudia estanpatik ezeztatzea erabaki du; baita haren Ohorezko Damen figurak ere. Berdintasun balioekin bat egiten ez duten pertsonaiak direla iritzita hartu dute erabaki hori. Horien partez, bestelako paisaia bat osatu dute: jenerala eta haren laguntzailea, alkatea, notarioa, batelaria, inudea, artzaina, urketaria, mandazaina, dendaria, arrantzalea, irulea, eta bi herritar izan dira protagonista.

Hain justu, bi horiek arduratu dira erdiguneko balkoira igo eta Alderdi Ederren bildutako jendetza agurtzeaz. Malena Cornago eta Bittor Gaztelu ikasleek interpretatu dituzte bi herritar horiek, eta Cornagoren hitzetan, erantzukizun handia izan dute: «Asko entseatu behar izan dugu». Gazteluren arabera, esperientzia dute; izan ere, laugarren eta bosgarren aldia da parte hartzen dutela, baina udaletxeko balkoira igotzen diren lehen aldia da. «Ilusio handiz jaso genuen albistea», azaldu du. Donostia koloretsu baten aldeko aldarria egin dute: berdea, euskalduna, parekidea, alaia eta dibertigarria. Bertso bat ere abestu dute, eta agurrean aipatu dituzten balioen garrantzia berretsi: «Gure egun handia bete danbor soinuz / beti gure hitzetan euskara mantenduz / ta ezberdin den oro gurekin onartuz». Txalo zaparrada batekin amaitu dute bertsoaldia, eta Aimar Capa Danbor Nagusiaren aginte makilaren mugimenduek eman diote hasiera danborradari. Harri Berri Oleta ikastetxearen izenean hartu du ardura hori.

Irati Lasterra, aldiz, Axular Lizeoa ikastetxeko ikaslea da: 11 urte ditu, eta parte hartu duen bigarren aldia da. «Aurreko urtean oso ongi pasatu nuen, eta horregatik etorri naiz aurtengoan ere», adierazi du. Lasterrarekin batera joan dira Maite Juantegi eta Katixa Urruzmendi; haien lehen aldia da. «Probatzeko gogoa genuen, eta aukera eman zigutela ikusita, aprobetxatu egin genuen», kontatu dute. Jon Otegi, aldiz, Zurriola Ikastolako ikaslea da: 10 urte ditu, eta 6 urte zituela atera zen lehen aldiz. «Laugarren aldia den arren, apur bat urduri nago; egun berezia da niretzat», aitortu du. Donostiakoak dira guztiak, baina bada inguruko herrietatik etorri den zenbait gazte ere. Horietako bi dira Nora Davila eta Enara Aranburu. Villabonatik (Gipuzkoa) etorri dira: iaz ere parte hartu zuten, eta aurtengoan esperientzia hura errepikatzeko asmoz etorri dira. Euskal Bilerarekin batera zeharkatu dituzte hiriko kaleak, eta apur bat urduri egon diren arren, «pozik eta ilusioz» aritu dira. Guztira, 48 konpainia atera dira, eta 41 ikastetxek hartu dute parte.

9 elkartetan, andrerik ez

Igandean hasi zen jaia Donostian. Helduen 152 danborrada atera ziren kalera, San Sebastian eguna danbor burrunba batez hasteko asmoz. Horietatik, mistoak izan dira gehienak, baina ez guztiak: oraindik bederatzi elkarte dira emakumeen parte hartzea onartu ez duten danborradak. Datuei begira, 19.004 pertsonek parte hartu dute: 10.884 gizonek eta 8.120 emakumek. Danbor Nagusien jardunari dagokionez, 175 pertsona arduratu dira lan horretaz, eta 35 soilik izan dira emakumeak.

[YouTube]https://youtu.be/jQxpw6e7GUU[/YouTube]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.