Musika. Andrew Bird 'My Finest Work Yet'

Hemeretzigarrena ere bikaina

Diskoetxea: Loma Vista.

2019ko martxoaren 31
00:00
Entzun
Andrew Bird musikariak My Fines Work Yet argitaratu berri du, bere ibilbideko hemeretzigarren diskoa, eta egun hauetan bati baino gehiagori irakurri diot, 23 urte hauetako lana ezagututa, beharko lukeen errekonozimendua beste batzuek eraman dutela, eta sasoi onean mantentzeak ez duela saltzen. Ez dakit hainbesterako den, baina egia da lan hau izugarria iruditu zaidala, haren ibilbideko onenetako bat, zalantzarik gabe.

Aste honetan bertan argitaratu du diskoa, modu dotorean grabatua, entzungailurik gabe zuzenean grabatua, eta, hala ere, zehaztasun eta detaile txiki guztiak ongi landuz, Tyler Chesterren piano zaindua edota Birden beraren biolina adibidez. Dena den, lan honetan, aurreko guztietan bezala, Andrew Bird identifikagarri egiten duen txistu hotsa agertzen zaigu behin eta berriz.

Bloodless lehen singlea entzutean, oilo-ipurdia jarriko zaio bati baino gehiagori, ez bakarrik horko piano izugarriak zuzenean ikusteko grina sartzen duelako, baita abestiak esan nahi duenarengatik ere, 1936ko gerra hasierako Katalunian oinarrituta baitago. Diskoa irekitzeaz arduratzen den Sisyphus ere ia aldarri abestitzat har daiteke, greziar mito batean oinarriturik, «nahiago hilkor gisa porrot egitea, jainko gisa ahultzea baino» esaten duen horretan. Historiari eta mitoei erreferentzia egiten dieten hitzekin, abesti sakon eta zorigaiztokoak ageri zaizkigula dirudi, baina ez da hala. Umorez beteriko lana egiten saiatu da Bird, diskoaren izenburutik bertatik hasiz, horren erakusgarri Fallorun, «elkarrekin egon gintezke, baina ez zitzaizun hemen egiten duen eguraldia gustatzen» bezalakoz beterik baitago.

Ezinbestean aipatu beharrekoa da hamarretik sei abestitan ageri zaigun Madison Cunninghanen ahotsa, lana apaintzen duenik ezin baitaiteke ukatu, Cracking Codes eta ia country doinuez ere zipriztintzera iristen den Manifest abestietan batez ere. Zelulabakarretatik gizakiraino dagoen eboluzioa azalduz, eta landare edo animalia bat lurrarentzako elikagai bihurtzean makinen gasekin atmosferara mamuak bezala iristen direla azalduz, hitzetan umorea erabiltzen du Birdek. Agian ez da, izenburuan dioen bezala, bere «lanik onena» izango, baina argi dago beste behin ez duela nolanahiko diskoa argitaratu, are gehiago Bellevue Bridge Club bezalako abesti zirkular bezain borobil batekin amaiera ematen dioenean.

Askok alderatu dute Father John Mistyrekin, eta hark duen errekonozimendua Andrew Birdek ere izan beharko lukeela esan dute beste askok, 23 urtetan hemeretzi disko —zein baino zein ederragoa— argitaratu baititu. Hala ere, ezagutzen dugunokbadaukagu haren musikaz gozatzeko aukera, autoan goazela errepide luze batean galduz edo ohean etzanda begiak itxiz. Beraz, eman play botoiari eta igo bolumena!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.