Musika. Possible Humans 'Everybody Split'

Tokian tokiko xarma

Diskoetxea: Hobbies Galore.

2019ko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Melbourne hiriko Hobbies Galore zigilu erabat fidagarriaren markarekin dator Possible Humans taldearen iraupen luzeko lana. Stevens, Twerps, Faceless Burial eta Tyrannamen bandetan ibilitako Alex MacFarlanek —bakarka ere aritzen da— abiatutako diskoetxe hori haztegi kutuna bilakatzen ari zait, bertan orriotara ekarritako hainbat disko eta talde ezagutu baitut, eta guztiak nortasun handikoak, tartean, Big Supermarket, The Stroppies, eta Tough Love Records diskoetxeak LP formatuan plazaratu berri duen Blank Statements taldearen kasetea, zeina Stroppieseko bi musikarik grabatu zuten 2017an. MacFarlane 2016an hasi zen kaseteak argitaratzen, eta harrezkeroztik, katalogo txukuna ondu du, betiere inguruan dituen lagun eta herrikideen musika ekarpenari erreparatuz. Eta, antza denez, asko gara iritzi berekoak, diskoetxeak sarean eskuragarri paratu duen Possible Humansen Everybody Split honen tirada osoa argitaratu zen egun berean saldu baitzen, apirilaren 1ean.

Disko hau, halaber, MacFarlanek berak grabatu du, eta Australiatik datozen disko asko eta asko garbitzen dituen Eddy Current Suppression Ring taldeko kide ohi Mikey Youngek masterizatu du.

Diskoak biltzen duen edukiaren harira, boskotearen jario gitarrazalea iaz laudorio zaparrada jaso zuen Rolling Blackouts Coastal Fever taldearen proposamenaren parean koka daiteke; alegia, antipodetako pop tradiziotik edaten duen indie-rocka; izan ere, diskoaren hainbat pasartetan, Hüsker Dü/Sugar binomioaren itzala nabaritzen da: esaterako, Aspirine to be a Bloke kantuan. Bestalde, Absent Swimmer piezan Pixies-en itzala antzematen da, batez ere baxuaren kolpeetan eta gitarra riff oldarkorretan. Halere, bandaren alderik oldarkorrena edo punkzaleena Stinger doinuak islatzen du: malenkonia haizatzen duen doinu melodiko eta garratza da. Tarte popzaleenak, berriz, Orbiting Luigin-n eta Meredith-en jasotzen dira. Azken hori, zeinak diskoa ixten duen, grabazioko momentu gozoena da, nahiz etaJ. Mascisen manerak erakusten dituzten gitarra riffek, tarteka, kantua hautsiko dutela diruditen. Nomenclature Airspace ere azpimarragarrira da, giro ilunean bilduta badator ere pop kantu ederra baita; hasiera itsaskorra bezain hipnotikoa duena.

Diskoaren gailurra, baina, diskoaren amaiera aldera dago. Zortzigarren kantua da, azken-aurrekoa, Born Stoned. Abesti horrek kasik hamabi minutu irauten du. Ahotsak oso landuta daude, baxuak dinamismoa eransten du, eta gitarren arteko jolasetan dago doinutzar honen lilura, psikodelia popzaletik edaten duen espiral melodikoa eraiki arte.

Neil Young eta Bob Mould norgehiagoka arituko balira bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.