Musika. Protest the Hero. 'Palimpsest'

Ahotsa berreskuratu dute

Disko etxea: Spinefarm Records.

Inaxio Esnaola Aranzadi.
2020ko urriaren 11
00:00
Entzun
Mugarri bat ezarri zuten hasi orduko. Kanadako Protest The Hero taldekoak gaztetxo batzuk ziren 2005ean, Kezia estreinako lan luzea argitaratu zutenean. Zeresana eman zuten underground mailan proposamen bizkor, birtuoso, progresibo eta erakargarriarekin. Punkaren eta metalaren artean sailkatu zituzten, post-hardcore eta metalcore doinuak nahasten zituztela esanez. Beraiek ez zioten erreparatu horri. Aldiz, estudioan ezinezko egiturak grabatu zituzten erronka bakarrarekin: zuzenekoetara eramatea. Eta lortu zuten.

Urteak pasa dira ahotsa goratu zutenetik, eta beste lau disko argitaratu dituzte. Bereziki txalotuak izan ziren Fortress bigarrena eta Scurrilous hirugarrena. Metal progresibo ireki bezain aberatsera lerratuta, proposamen propioa lortu zuten. Volition iraupen luzeko laugarren lana 2013an kaleratu zuten, eta, urteurren bira luze baten ostean, atseden hartzea erabaki zuten. Batez ere, Rody Walker abeslari paregabeak ahotsa galdu zuelako. Gogorra izan zen taldearentzat, eta Walkerrek berak berriki aitortu du uztear izan zirela.

Erritmoa jaisteko baliatu zuten, eta familiei merezi zuten tartea eskaintzeko. Pixkanaka, medikuen aholkuei jarraituz, ahotsa berreskuratzea lortu zuen Walkerrek. Behartu gabe, pazientziarekin. Bitarte horretan, Luke Hoskin gitarra jotzaileak sormenari eutsi zion. Horrela, 2015etik 2016ra Pacific Myth EP digitala sareratu zuten jarraitzaileen babes ekonomikoarekin. Altxorrez beteriko lana izanik ere, ez zuen aparteko oihartzunik izan.

Zortzi urte luzeren ondoren lau, aipatu lan laburra aintzat hartuta, bosgarren diskoa aurkeztu zuten pasa den ekainean: Palimpsest. Pandemiak ez die mesederik egin promozio aldetik, baina lortu dute iraganeko zeresan hori pixka bat berreskuratzea. Harrera beroa izan du laukote berrituaren lanik helduenak. Walker, Hoskin eta Tim Millar gitarra jotzailearen oinarria sendotu du Mike Ieradi bateria apartak, eta Cam McLellan baxu jotzailearen laguntza izan dute.

Apalagoa da konplexutasuna, nahiz eta ezinezko egitura horiek agerikoak diren abestietan. Entzuteko errazagoa da, melodikoagoa, baina talde honek betidanik transmititu duen indar hori galdu gabe. Egia esan, oldarkorragoa da azala, non zezen bat AEBetako bandera adarkatuta ziztu batean daraman. Txoriak ditu alboan, eta horiek izango dira diskoko kantuak. The Canary izan zen lehen singlea, taldearen egungo erretratu paregabea, From the Sky eta Reverie esanguratsuekin batera. Dena dela, pieza preziatuena Harborside interludioak eta All Hands kantu zoragarriak osaturikoa da. Hardcorea, metala eta progresiboaren arteko artelana da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.