Musika. El Bicho. 'Doberman Yoghourt'

Lurpetik azalera

Diskoetxea: Hanky Panky Records.

2020ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
E l Drogas musikariari buruz oraintsu argitaratutako dokumentalaren harira El Correo egunkarian egindako artikulu batean irakurri dut musikari nafarrak «azken boladan erakusten duen Keith Richards kutsuko dandy zitalaren itxuraren» erruduna Josetxo Ezponda musikaria dela, hark konbentzitu baitzuen El Drogas glam giro hori besarkatzeko eta kontzertuetan ikuskizun handiak emateko. Halere, Barricadako musikari ohiak min handia zuela aitortu zion kazetariari, bere lagun Josetxok ezin baitzuen ikusi, txiro eta bakarrik hil baitzen bere amaren Burlatako etxean, 50 urte zituela.

Pasarte horrek ezin hobeto irudikatzen du Josetxo Ezpondaren ibilbidea, Los Bichos taldeko buru eta bere produkzio musikalaren azken fasean bakarka El Bicho izan zenarena. Sekulako talentua zuen musikari bat zen; bere erreferentziak disko ahaltsu eta pertsonaletan islatu zituen, tartean, Scientists, Gainsbourg eta Marc Bolan; grabazio horiek kritikarien laudorioak jaso zituzten, baina lur azpiko adituen belarrietara baino ez ziren iritsi. Nortasun konplexuko sortzailea zen, eta oihal beltz batek estali eta bildu zuen bere obra eta bizitza.

Bide oparo baina lanbrotsu horren bi gailurrak Los Bichos taldearekin grabatutako lehen bi diskoak dira, Color Hits (1989) eta In Bitter Pink (1991), biak ala biak Oihuka diskoetxeak argitaratuak. Bakarka, El Bicho goitizenaz, disko interesgarri bat ere argitaratu zuen, A Glitter Cobweb (1995), bere azken lana.

Biziki gura zuen aitortza ezin lortuta, Josetxo alderrai ibili zen urteetan, undergroundaren mito kondenatua bihurtzen zen bitartean; esaterako, Iruñeko musikari askorentzat eredu izan zen. Horren adierazle, zendu eta urtebetera, 2014an, Nafarroako hiriburuko lau musikarik (Jon Ulezia, hildako Roberto C. Meyer, German Carrascosa eta J'aime) plazaratutako EPa, Así que ésto es el fin…(4 canciones para Josetxo).

Hil baino lehen, baina, 2000. urtean, Los Bichosen taldekide izan zuen Asiorekin egin zuen topo, zeina estudio bat muntatzen ari zen Gasteizen, eta bertan, orain arte argitaratu barik zegoen Doberman Yoghourt grabatu zuen —urte bereko abenduan Ezpondak bizitzaren zaplazteko berri bat jaso zuen, Asioren heriotza—. Disko horren lehenengo bertsio gordinarekin Madrilen ibili zen Josetxo, diskoetxeren bat konbentzitu nahian. Ahalegin ustelak guztiak.

Bada, Bilboko Hanky Panky zigiluak ehortzitako disko hori plazaratzea lortu du diskoan parte hartu zuten musikarien eta haien gertuko lagunen parte hartzeari esker. Emaitza hunkigarria da, Josetxoren kantu eta disko onenen mailan baitago, kantuek gorputz gehiago eskatzen duten arren, batez ere soinu aldetik—gogoratu grabazioaren lehenengo bertsio bat dela—. Horri guztiari Fernando Gegundez kazetariaren testuak eta Josetxok berak hil baino lehen utzitako azala gehitu behar zaizkio. 1980ko hamarkadako punka gainditu baina 1990eko indie-a eta grungea integratu ez zituen musikari bikain baten azken esfortzua da. Geriza lirain baten azken urratsak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.