Musika. Asian Dub Foundation 'Access Denied'

Aldarrikapena dantzatuz

Diskoetxea: X Ray Production.

2020ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
Denbora luzea da Asian Dub Foundation talde britainiarraren berririk ez nuela —ez geldi egon direlako, nik alde batera utzita izan dudalako baizik—, eta sorpresa hartu dut disko berria argitaratu dutela ikusi, entzuten jarri eta oraindik duela urte dezentetako indar bera dutela konturatzean. Asko lotu izan da taldea aktibismo politikoarekin, euren hitzek helarazten duten mezuengatik, eta taldekideek askotan kritikatu izan dute hori, mezu horiek zabaltzeaz gain musika ere egiten dutela aldarrikatuz.

Arrazoirik ez zaie falta, izugarrizko nahaste musikala egiten baitute, ongi kontrolatutakoa baina. Lan berri honetan ere estilo ezberdinak jorratzen dituzte, baina abestiak inoiz baino landuagoak direla iruditu zait. Mindlock ,esaterako, diskoaren lehen entzunaldian atentzioa ematen duten horietakoa da, danbor industrial batekin indarrez hasi eta segituan gitarraren notak gainetik hasten direnean tentsio sentsazioa emanez, bat-batean baxuaren danbada sartu arte. Hortik aurrera punk, dub edota jazz industrial tankerak azaltzen dira, intentsitatea mantenduz ondorengo hiru minutuetan ere. Argi nabari da oraindik sabela suz beterik dutela, duela 25 urteko egurra ematen jarraitzeko kapaz baitira, publikoaren gorputzak mugitu eta garunak martxan jarriz, lehenengo eguna izango balitz bezala, baina mende laurdeneko ibilbidean jasotako esperientzia bizkarrean dutelarik. Comin 'Over-en parodia bat azaltzen digute, europarrak Britainia Handira lanpostuak lapurtzera joaten direnarena, lehen aipaturiko kritika politikoa presente delarik, baita Youthquake Pr.1-en ere, Greta Thunberg aktibista klimatikoaren diskurtso bati musika jarriz sortu baitute abestia. 47 Soul palestinar hip-hop taldearekin ere elkarlanean, Human 47 kanta osatu dute, bertako dantza musika tradizionala hip-hop doinuekin uztartuz eta, nola ez, herrialde horretako egoera salatuz. Kolaborazio andana horretan aurkitzen da jada mundu mailako sona duen Ana Tijoux txiletarra, aldarrikapena doinu grabez beteriko melodiaz bustitzen entzun dezakeguna Frontline Santiago-n. Steve Savale gitarra jotzaileak diskoari buruz esan bezala, «musika hau ez da derrotista, ez da giltzaperatu eta mundutik ihes egitekoa, ongi pasatzeko beharra aprobetxatzen du, parranda eta dantza egiteko, gauzak dauden moduaren aurka eginez».

25 urte pasatu dira taldea sortu zenetik, eta oraindik hasiera hartan bat baino gehiago harritu zituen indar eta energia mantentzen dute, dub baxuak, punk gitarrak, oihaneko erritmoak eta rapeatzaile aldarrikatzailearen ahotsa nahastuz, taldekide aldaketa ugari izan badira ere esentzia bere horretan mantendu den seinale. Access Denied honetan betiko Asian Dub Foundation aurkituko dugu, parranda eta dantzarako gogoz, baina mundu osoko injustiziak salatzeko prest, hasierako freskotasuna mantenduz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.