Musika. Maria Arnal i Marcel Bagues 'Clamor'

Bidaia estralurtarra

Diskoetxea: Fina estampa.

2021eko martxoaren 28a
00:00
Entzun
Lau urte pasatu dira Maria Arnal i Marcel Bages bikoteak euren lehen lan luzea argitaratu eta izugarrizko sona lortu zutenetik. Horregatik, ikusmin handia sortu zen aurrerapen abestia argitaratu zutenean, are gehiago, lehengo diskotik egindako eboluzioaren erakusle bat izan zitekeela ikusita. Poparekin batera, elektronikak hartzen duen protagonismoa nabaria da, lehengo intentsitate eta emozioak are gehiago nabarmenduz. Soinu berriak jorratzen hasi dira aurreko 45 cerebros y un corazón harekin alderatuta, digitalerako saltoa emanda; David Soler produktorea ere konposizioan eta ahots nahiz soken moldaketetan ezinbesteko pieza izan da bikotearen aldaketa bideratzeko.

Koru eta atmosfera gehiago batu dituzte, errepika gero eta itsaskor eta korapilatsuagoekin, eta konturatu orduko zurrunbilo batean harrapatzen zaituzte. Hala ikusi genuen Fiera de mí aurrerapen abestia argitaratu zutenean, etor zitekeenaren adibide; urakan emozional batean barneratzen gaitu hasieratik, agian disko osoko popena, betiere, euren esentzia kritikoa galdu gabe. Abesti bakoitzak bizitza propioa izango balu bezala da, lana irekitzen duen Milagro behin eta berriro entzuteko moduko abestia da, kolpe elektroniko sinplez hasi eta pixkanaka intentsitatea irabaziz doana, eztanda egin arte; eta Ventura-ko alde instrumentaletako atmosferek laberinto batean sartu eta irteera ezin aurkituta uzten zaituzte. Norbaiti entzun diot —eta metafora polita iruditu zait, badu asko egiatik eta— lan hau hasiera berri bat bezalakoa dela, aurrekoan gizarteko zauriak lurpetik atera zituztela, eta oraingoan, berriz, etapa hura itxi eta mundu berri bat sortzeari ekin diotela, esperientzia mingarri hartatik datorrela Clamor unibertsal hau. Ernaberritze, aldatze eta mutazio bat, apokalipsia gainditzen duena. Cant de la Sibil-la-n landa eremura garamatzaten grabazioak aurki ditzakegu. Holly Herndomen laguntzarekin, Erdi Aroko drama liturgiko baten moldaketa egin dute, baina artalde baten erdian lebitatzen bageunde bezala uzten gaituzte, batzuetan soinu elizkoia ere izan dezakeen abestian. Murmuri instrumentalak lortzen duen trantsizio bereziak Tras de ti akustikotik gertuen egon daitekeenera garamatza, gitarra, sintetizadore eta oso koralak diren ahotsekin, xuxurlatuz ere batzuetan. Euren artean ezberdintasun nabarmenak dituzten abestiak dira, baina badute lotura bat guztiek, eta ildo berari jarraitzen diote. Ia amaierako Hiperutopia-n, sintetizadorez beteriko kanta delikatu bezain ederrean, esperimentazioaren bitartez unibertsoan hegan egiteko parada ematen digute, eta amaierako Alborada-k lebitazioz beteriko ibilbide honetan ere egunero argitzen duela erakusten duela esatera ere ausartzen naiz.

Hegan hasi eta espaziora eginiko bidaiaren amaieraren ondoren, beste hasiera bat etor daitekeela erakusten digute. Hala izan dadila.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.