Sault. 'Air'

Seigarrenean, sendagarri

Diskoetxea: Forever Living Originals.

2022ko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Dean Wynton Josiah Cover Inflo ekoizle britainiarrak zuzendutako Sault egitasmoaren disko berria dagoeneko entzungai dago bere Bandcamp webgunean. Hiru urtean argitaratutako seigarren lana da, eta ezustean agertu da, kolektiboak funtzionatzeko duen ohiko manerei jarraikiz. Benetako sorpresa baina, diskoaren edukian dago, mamian; izan ere, Inflok bere lan guztietan txertatu ohi dituen orkestra-tarteek disko osoa hartu baitute, haraindiko grabazio espirituala eraikitzeko, soinu banda edo opera itxura hartu arte. Hartara, nagusiki instrumentala da, abestutako esaldi bakan batzuk gorabehera.

Saulten ohiko saltsa beltza erabat desagertu da; beraz, entzuleak ez ditu egitasmoaren ohiko ezaugarriak aurkituko, tartean, hip hop, post-punk, soul, funk eta disco erritmoak. Areago, ohiko kolaboratzaileen arrastorik ere ez da, besteak beste, Michael Kiwanuka, Little Simz, Cleo Sol eta Kid Sister. Horien ordez, Music Confectionery korua ahotsez arduratu da, eta hari konponketak Wired Strings gazte taldeak interpretatu ditu.

Haatik, obraren belztasunak bere horretan dirau, erritmo eta patroi zehatz dantzagarrietatik zeharo urrundu arren. Diskoa espazio etereo zabal batean hedatzen da, aurretik Alice Coltrane, Pharoah Sanders edo McCoy Tyner jazz musikari klasikoek egin zuten bezala, edo begirada gerturatuz, Floating Points, Pharoah Sanders and the London Symphony Orchestra-ren Promises eta Kamasi Washintong-en Epic erreferentzia fidagarriak izan daitezke.

Horiek horrela, grabazioak zazpi doinu biltzen ditu, lau eta hamahiru minutu artekoak, eta, guztira, 45 minutu osatzen. Diskoa abiarazten duen Reality opus epikoa da, zeinetan ahotsek langa jotzen duten. Dozena bat minutu inguru irauten duen Solar doinuan haize atala biziki nabarmentzen da, eta Heart-en harien lana aparta eta sotila da.

Orain arteko Sault-en zertzelada bakarra, Time is Precious-en azken zatian baino ez da azaleratzen: «Ez galdu denborarik, denbora preziatua baita; daukazun denbora bakarra hemen. Bizitzak beti ekarriko ditu bere presioak; erabili zuhurtziaz eta gorde altxor horiek». June 55 kantuko ahotsen tratamenduan ere Saulten betiko marka antzeman daiteke. Hiru ordu laurdenak Luos Higher-ekin amaitzen dira, zeinak Alice Coltrane-ren ondarea gaurkotzen duen orkestrako eremura ekarriz.

Finean, dela bere alderik abstraktuenean, dela konkretuenean, Saultek bere nortasuna mantentzen eta transmititzen dakiela erakutsi du, eta, oraingoan, borrokarako armak alde batera utzi, eta giro sendagarriak haizatzea erabaki du. Lan bizizalea da, dirdiratsua, eta lur jota gaudenon aldartea irauli dezakeena, zinez. Zazpigarrena noiz iritsiko zain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.