M.I.A. 'Mata'

Aldarrikapenaren garrantzia

Diskoetxea: M.I.A./Island.

2022ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Mathangi Maya Arulpragasamek, M.I.A. izen artistikoaz ezagunagoa denak, duela bi hamarkada egin zuen famara jauzi, eta bere ibilbidea goratua bezain polemikoa izan da hasieratik. Geopolitikaz, biolentziaz, Mendebaldeko inperialismoaz, nazioen arteko botereaz eta errefuxiatuen istorioez jarduten du nagusiki, eta, horregatik, eztabaida iturri izan da behin baino gehiagotan ibilbide profesionala hasi zuenetik.

2005ean argitaratu zuen Arular izeneko lehen lan luzea, baina musikariaren sona 2007an plazaraturiko Kala diskoarekin hasi zen, eta guztiz ezaguna egin zen hiru urte beranduagoko Maya lanarekin.

Honako honetan duela sei urte argitaraturiko Aim-en ondorengoa dakar, Mata, eta aurrekoaren bide beretik jarraitzen du, erritmo itsaskor, melodia bizi, hasiera-hasieratik engantxatzen zaituzten abesti, eta nola ez, hitz sakonez eta polemikoz beteriko rap kantekin. 40 minutu baino gutxiagoko iraupena duen diskoan, hamahiru abestitan mundu osoko doinuak nahasten ditu M.I.A.-k, ohikoa duen ideologia politikoa beti presente izanik. Bertan aurkitu daiteke haurren abesbatza baten, Asia hegoaldeko perkusioen eta tamil filmen soinu banden arteko collage bezalako bat.

Diskoa bi abesti bizirekin hasten da, F.I.A.S.O.M. Pt. 1 (Freedom Is a State of Mind) eta F.I.A.S.O.M. Pt.2-ekin, metal instrumentuen eta ahotsen nahasketarekin, abeslariak bere ikuspegi morala eta balioak hasieratik argi uzten dituztenak. Nahiz eta disko osoan bere buruarengan konfiantza handia erakusten duen, badira kontraesankorrak gerta daitezkeen kantak ere. Beep-en «guztien gogoko ezin dela izan» dioenean, «nahi duzun guztia izaten saiatu eta gero»; edo Zoo Girl-en oraindik faltan duen talentuaz ari dela dirudienean — «oraindik ikusmena daukat, oraindik nire garuna ez da bikaina»—. Bestalde, Mata diskoaren alde onenetakoa Energy Freq kantan aurkitzen dugu, lehen aipaturiko tamil film baten ahots sentsuala buklean eskainiz, eta aurreko diskoko Bird Flu-ren soinura gerturatuz. Time Traveller ere beste harribitxi bat da, bertan kontatzen duen istorioari eskerrak. Sri Lankatik errefuxiaturiko haur tamil baten esperientzia azaltzen du, etairaganarekin nahasten den etorkizunean jartzen du fokua,testu hindu eta sanskritoen artean.

Mata honek M.I.A.-ren abesteko trebetasuna berresten du, eta musikariak oraindik kontatzeko asko duela erakusten digu. Egoak eta nortasun gogorrak espiritualtasunarekin topo egiten dute behin baino gehiagotan, eta funka zein rapa elkarrekin uztartzen dira, batzuetan eztanda ere egiteraino. Disko baikorra da, oro har, baina betiere horren bereak dituen ideal politikoak eta sozialak aldarrikatzeari utzi gabe. Artista bikaina da, eta berarengandik gutxiago espero ez bagenuen ere, lan bikaina egin du seigarren honekin ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.