Musika. Big Joanie 'Sistahs'

Punk-pop beltza

Diskoetxea: Daydream Library Series.

Julen Azpitarte -

2019ko otsailak 10
Hasteko, Londres hiriko banda honen historiari erreparatuko diogu. Stephanie Phillips taldeko abeslari eta gitarra jotzaileak eta Chardine Taylor-Stone bateria jotzaileak feminista beltzen ekitaldi batean ezagutu zuten elkar, bigarrenak lehenengoari The Raincoats post-punk taldearen irudia zeraman poltsa ikusi zionean. Bi lagunak, eskutik helduta, punk feministan eta hiriko underground eszenan murgildu ziren, beren egitasmo propioa eratu zuten arte, Estella Adeyeri baxu jotzailearen laguntzaz. Azkenik, 2013. urtean, Big Joaniek lehendabiziko kontzertua eman zuen. Hirukoteak errepertorio propioa eta bertsioak tartekatu zituen, Nirvana, Pixies eta TLC taldeen doinuak, besteak beste. Egun, Parquet Courts eta Downtown Boys taldeekin jotzen du Big Joaniek.

Hala, zenbait demo eta EP grabatu ostean, bandaren iraupen luzeko lehen lana iritsi zaigu, Sonic Youtheko Thurston Moorek zuzentzen duen Daydream Library Series diskoetxearen bitartez. Grabazioak atmosfera minimalistan bildutako 11 kantu biltzen ditu, 1970eko hamarkadako post-punk feministan eta 1990eko indie-popean errotuak, gehienetan melodiak azpimarratuz, esperimentazio une txikietarako tarteak ere uzten baditu ere.

Hala, How Could You Love kantuan Pixies talderen oihartzunak sumatzen dira, eta Eyes folk kutsuko after-punk doinua da, lantzean behin entzuten den txirula tarteko, zeinak The Raincoats eta The Slitsekin lerrokatzen duen abestia. Tell a Lie-k Afrikako giroak eta indie ahotsak uztartzen ditu, The Ex eta Breeders besarkatuko balira bezala. Pixies taldeko baxu jotzaile ohiak gidatutako taldearen itzala diskoa zabaltzen duen New Year-en ere antzematen da. «Ez esan itxaroteko, orain nahi dut eta», aldarrikatzen du bertso nagusiak.

Fall Asleep-ek, bestalde, Sleater Kinneyren hasierako diskoetako garra gogorarazi dit, DEVOrekin lot daitezkeen sintetizadoreen laguntzaz. Eta Used to Be Friends-en Nirvanak sortutako baladen kadentzia nabaritzen da. Baina grabazioaren amaiera aldean antzeman dut momenturik hunkigarriena, Cut your Hair. Diskoaren kanturik luzeena da, eta minimalena exekuzio aldetik, baina taldearen alde sentiberena, soul zaleena erakusten duena. Epilogo ederra da.

Diskoak osagai horiek guztiak biltzen eta uztartzen ditu, desorekarik gabe, kantuak elkarri egoki josita baitaude, melodiaz betetako lan sendoa harilkatu arte, anbizio handirik gabe, baina jarrera politikoz irmotua. Horren ondorioz, eta eraginak nabarmenak izanagatik ere, gozo-gozo sartzen da.

Baina hitz egin dezala taldeak, hirukotearen bandcamp gunean jasotzen den azalpenaren bitartez ezin hobeto zehazten baitu taldearen proposamena: «The Ronnettes 1980ko hamarkadako Do It Yourself filosofiaren eta Riot Grrrl mugimenduaren galbahetik igarota bezalakoak gara, dashiki (Afrika mendebaldeko jantzi koloretsua) tanta batzuekin».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna