Musika. Unama. 'Iduzki xuria'

Eskerrik asko

Diskoetxea: Usopop.

Andoni Tolosa.
2019ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Ez da osagai askorik behar folk disko on bat egiteko; aski dira inspirazioa kantuak idazteko, ahots ederrak eta musika tresnaren bat, ohikoan gitarra. Zertarako gehiago? Ez da gaur egungo formula, baina estimatzekoa da, distrakzio, tranpa, azalkeria eta zarataz (zentzurik metaforikoenean) betetako garai hauetan, inork funts sinple baina eraginkor hori berreskuratzea. Beraz, eskerrik asko, Unama, diskoa entzuten hasi bezain laster haize freskoa sartzen delako entzungailuetatik barrena. Ez da oso irudi originala, baina halaxe gertatzen da, lehen unetatik bertatik, Barka bekatua irekitzen duen gitarra eta ondoren datorren ahotsa entzuten hastean, besteak beste, badakizulako hortik aurrerakoa galdutzat jotzen zenituen pasaietan barrena egin beharreko bidaia gertatuko dela.

Huna iduzki Xuria-k badu melodiaren ustezko geldotasunean halako ezinegon moduko bat, sumatu arren irudikatu baino ezin daitekeena. Gogoratu, ez da aski ahots ederra edukitzearekin; kantatzen jakin behar da, ahotsak ongi josi, nork bere lekutik aritu, besteena osatu... ez da batere erraza hori egitea, baina zubeldiatarrak entzunda hain dirudi sinplea, naturala. Zubi moduko bat gerta daiteke, berriz, amaiera aldean biolin eta flautek indartzen duten Brodatzen ari nintzen kantuaren bertsioa. Alderatu Haizeak 1976an grabatu zuena eta oraingo hau; ez al da asmo, ikuskera, gogo bertsuarekin baina bi melodia ezberdinekin egindako herri-kantutegiaren berrirakurketa? Orduan berritzaile, baina oraindik fresko.

Bi balada puska dira Zalantza eta Ama haurraren lokartzen; benetan, zer gozagarria den horrela kantatzen entzutea. Taldeko edonor izan daiteke solista, orain bata, gero bestea, eta elkar osatu behar dutenean, hor daude denak, ahots joko sotil, leun eta jostagarriz kantua janzten. Erritmoz biziago eta asmoz indartsuago datoz hurrengo biak, Zuen burhoaz beste eta Kaiola: buzukiaren eta gitarraren gainean doaz kantuak, bizi, eta intentzioz apur bat rockeroagoak (barka hitza) gerta daitezke. Ez dira soilik kantari onak, tresna jotzaile onak ere badira, ahots moldaketa bikainekin batera musika moldaketa eraginkorrez beteta baitago diskoa. Kantuz kantuerakusten dute oso ongi baliatzen dituztela eskura dituzten musika tresnak, betiere kantuaren mesedetan eta, gehienetan, ahotsaren menpe.

Beste hiru balada diskoa bukatzeko, Sahatsa, Mendi gainean eta Eramaten utzi dute.Diskoa labur gertatzen da, benetan, hamalau urte esperoan bigarren hau entzuteko, eta hain azkar pasatzea ere! Espero dezagun hurrengorako hainbeste itxaron behar ez izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.