Musika. Leonard Cohen. 'Thanks For The Dance'

Ingurukoen laguntzaz

Diskoetxea: Columbia Records.

Ihintza Orbegozo -

2019ko abenduak 1
Leonard Cohen musikariak 1992. eta 2001. nahiz 2004. eta 2012. urte bitarteetan diskorik ez argitaratu izanak hil osteko lan honekin zerikusia duela uste dute askok. Bigarren etenaldi horren ondoren, bi urtetik behin disko berri bat argitaratu zuen, eta etengabe materiala sortzen aritu zen, bere heriotzaren ondorengo asteetan You Want It Darker hura argitaratu arte. Eta ez hori bakarrik; argitaratu gabe gelditu ziren hainbat abesti mesanotxean utzi zituen, argia ikusi berri duen Thanks For The Dance honetan batu dituztenak hain zuzen ere. Bizirik zela eginiko azken diskoaren grabaketan iragarritako ahots batzuetatik tiraka eginikoa da, bere seme Adam Cohenek lagun eta etxekoen laguntzaz amaitu duena.

Happens with the Heart singlea gustu handiz osatua izan da, artistak idatzi ohi zituen letra espiritual eta sozialen nahasketari ongi egokitzen zaion doinu malenkoniatsuarekin. Hala ere, oro har, emaitza espero baino goxo eta epelagoa da. Nahiz eta lanari forma ematen aritu diren askok izen esanguratsuak izan Jennifer Waners, Damien Rice, Javier Mas, Síivia Perez Cruz...—, egin dituzten moldaketa eta konponketak benetan xumeak izan dira, Cohenek sorturikoa bere horretan mantendu nahian. Guztiek euren apurtxoa ipini dute, baina nabari da ez diotela Cohen jaunari protagonismoa kendu nahi. Lan fin eta minimalista bat da. Bird on the Wire adibide gisa: piano baten gainean, koru apur batzuk, baxuak eta gitarrak apenas zipriztintzen dituztenak, eta aurreko diskoko You Want It Darker hura bezala, hau ere agur abesti bilakatzen dena. Hitzetan sakontzen du The Goal-ek ere, nahiz eta minutu bakarreko iraupena izan, dekadentziaren onarpena azaltzen baitu esplizituki. The Hills ere ildo beretik doa, baina hemen aurreko lanean ere behin baino gehiagotan aipaturiko Jainkoari erreferentzia eginez. Ez da, ordea, diskoko gai bakarra, maitasunaren inguruko kantak ere badaude-eta, mandolinaz gidaturiko Moving On bezala; baita gizarte gaiei loturikoak ere, Puppets kasu, gaur egungo sistemari zein juduen holokaustoari erreferentzia egiten diona.

Hainbat gai jorratu zituen idatzita utzitako hitzetan, eta doinu aldetik bideratuta utzi zituen kantak, inoiz argitaratuko ote ziren ere jakin gabe. Bada, ongi ezagutzen zutenek bere esentzia eta izaera lehen planoan mantenduz ezin hobeto egin dute lana, Cohenek berak egingo lukeen lan batetik oso gertu geldituz, batez ere azken urteetan lortu (nahi) izan duen soinura hurbilduz, instrumentu bakoitzean nabaritu baitaiteke hark nahiko lukeena oso presente izan dutela.

Leonard Cohenen izena daraman diskoa, beraz, beste hainbatena ere bada. Kolaboratzaile gisara agian, baina eurek ere ekarpen garrantzitsuak egin dituzte. Lan iluna eta malenkoniaz beterikoa da, eta entzulearen barreneraino iristen da, goxotasuna eta hotz sentsazioa, biak batera transmitituz.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna