Musika. Nick Haeffner 'The Great Indoors'

Harribitxi ezkutua

Diskoetxea: Hanky Panky Records.

mikel lizarralde
2020ko otsailaren 23a
00:00
Entzun

Ez luke honek izan behar, berez, berrargitalpenek bete beharreko espazio bat. Badira-eta nahikoa lan berri aipatzeko meritua ondo bildua dutenak. Nolanahi ere, berrargitalpen batzuek nobedade kutsua ere badute, bai bere garaian inor gutxirengana iritsi zirelako, bai egileak ahanzturaren putzura erori direlako. Kasu horietako bat da Nick Haeffner ingelesaren The Great Indoors hau, 1987an argitaratutakoa eta, kritika onak jaso arren, nahiko ahantzia iritsi dena gaur egunera. Bilboko Hanky Panky Recordsek berreskuratu du orain CDan, edizio bikain batekin: jatorrizko diskoaz gain, beste CD batean hainbat single eta demo bildu ditu, eta Haeffnerrek berak idatzitako oharrak jasotzen dituen liburuxka argigarri bat ere badu.

 

«Aste honetan argitaratu den sixties estiloko disko psikodeliko onena ez da [The Beatlesen] Sgt. Pepper-en CD formatuko berrargitalpena, baizik eta Nick Haeffnerren estreinako lana». The Guardian egunkariko Robin Denselowk beldur handirik gabe jarri zuen hemen aipagai dugun diskoa XX. mendeko lan ikonikoenetako baten gainetik 1987an bertan egindako kritika batean; ez agian probokazio nahi txiki bat gabe.

Alderaketetan sartu gabe, Haeffnerrek grabatu zuen lehen disko honek brittish kutsuko pop, folk eta psikodelia onenaren arrastoak gordetzen ditu. Baina ezin esan psikodelia disko hutsa denik, The Great Indoors-ek 60ko hamarkadako usaina duen arren, bere hamar piezetan bestelako koloreak ere nabarmentzen direlako, eta nabaria delako pop britaniarraren ordezkari ikonoklastenen eragina. Kevin Ayers, Robyn Hitchcock, Paul Roland eta Nick Drake aipa genitzake, eta ez ginateke oso urruti ibiliko. Hain zuzen ere, Drakeren espiritua dario You Know I Hate Nature-ri, diskoa gitarra akustikoetan eta hari konponketa dotoreetan oinarrituta hasten duen instrumentalari. Ez da ahotsik ez duen kantu bakarra: The Earth Movers-ek surf ukitu lauso bat du, eta amaierako The Great Indoors-ek, berriz, bossa nova arrastoak.

Kantu guztiek dute elementu aipagarririk. The Sneaky Mothers biziak itsasten den melodia bat du, eta, neurri batean, 80ko hamarkadako proto-indiea ekartzen du gogora; eta, The Master-ek, bere organo lerroekin, ukitu psikodeliko ilunagoa du.

[youtube]https://youtu.be/G-CNaDmm0DA[/youtube]

Don't Be Late giro surrealak bustiriko kantu lasaia da, eta Furious Table-k ez dio bizkarra ematen ukitu surreal horri, nahiz eta after-punkaren eragina ere baduen. Askoz gehiago du diskoak, baina ezin aipatu gabe utzi Steel Grey, John Cale barnerakoienaren eta Nick Drakeren artean koka daitekeen pieza bikain bezain hunkigarria.

[youtube]https://youtu.be/J8spcMcBUH4[/youtube]

Bigarren CDak hainbat single, The Great Indoors-en bukatu zuten hainbat kanturen maketak, eta inoiz argitaratuko ez zen disko baten demoak biltzen ditu; eta Haeffnerren proposamena bere osotasunean ulertzeko aukera ematen du.

Haeffnerrek 1987an argitaratu zuen diskoa, eta, gero, desagertu egin zen musika mundutik. Geroztik, unibertsitateko irakasle aritu da, harik eta 2017an berriro gitarra hartu eta kantu berriak sortzeari ekin zion arte. Horren emaitza da A New Life Awaits You (2019), hiru hamarkadaren ondoren musikaria bizi-bizi eta bere aletxoa emateko prest dagoela erakusten duen lan aipagarria.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.