Musika. The Dream Syndicate 'The Universe Inside'

Barrutik hedatzeko sortua

Diskoetxea: Anti.

2020ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
The Dream Syndicate taldeak 1980ko hamarkadaren hasieran abiatu zuen bere ibilbidea; hain zuzen, Kalifornian eratutako Paisley Underground eszenan garatu zituen bandak bere soinu eta nortasuna. Mugimendu txiki baina esanguratsu horren barruan, punk eztandarekin loratu ziren talde batzuek 1960ko hamarkadako pop eta psikodelia erritmoak bere egin zituzten rock independentearen historian itzal handia izan duten diskoak sortzeko, tartean The Dream Syndicatek 1981ean plazaratutako The Days Of Wine And Roses, zeina Velvet Underground eta Neil Youngen arteko uztarketa perfektutzat jo den. Bada, estreinako lan laudatu horren mailara iritsi ez ziren lau disko gehiago kaleratu ostean, taldeak agur esan zuen, 1989an, rock undegroundaren olinpoan taldearen izena, eta batez ere bere lider Steve Wynnena, zizelkatu ondotik.

Hala, 23 urteren ondoren, 2012an, taldea oholtzara bueltatu zen, Jason Victor gitarra jotzaile birtuosoaren laguntzaz, zeinak Paul B. Curtler ordezkatu zuen. Euskal Herrira egindako bisita jaso zuen bira luze bat egin eta gero, sindikatu onirikoak How Did I Find Myself Here? grabatu zuen 2017an. Hartara, The Universe Inside hau bigarren etapa horretan jaso duten hirugarren lana da,eta entsegu lokalean burututako jam saio luze batetik sortua da. Izan ere, taldearen zazpigarren lan honek The Dream Syndicateren alderik jazz eta psikodelia zaleena biltzen du. Diskoa hain da bitxia, grabazioak jarraitzaileen artean izango zuen harreraz beldur baitzen Wynn bera.

LP bikoitzean eskuragarri dagi, diskoa hogei minutu irauten duen The Regulator doinu luze eta ausartarekin hasten da. Chris Cacavasen teklatuekin jantzia eta baxu eta bateria errepikakorrek bultzatua, gitarren eta haize atal jazz zalearen arteko uztarketa hipnotikoa bezain pozoitsua da. Medicine Show diskoan jasotako John Coltrane Stereo Blues doinuaren bertsioa lisergikoa da. Wynnen ahotsa tarteka agertzen da, Tom Waitsen manerekin alderatu daitekeen modulazioekin. Etxean eta ekipo on batekin entzunda, entzulea hordi lezake.

Jazzaz eta psikodeliaz gainera, diskoan Alemaniako kraut karratuaren eragina ere nabarmena da; horren erakusle, Apropos Of Nothing, zeinak Neu taldearen trazak erakusten dituen. Eta hori ere ganorazko bozgorailu batzuekin entzunez gero, bidaia kosmiko haluzinagarri bihurtzen da. Sekulako soinu eztanda da.

Diskoa instrumentala da kasik bere osotasunean, jazz kutsua nabarmentzeko. Halere, bada pop kantuen egitura klasikora gerturatzen den baten bat, tartean, The Longing. Haatik, espiritu ireki eta hedakorra da grabazioan gailentzen dena. Laugarren kantuak ere (Dusting Of The Rust) antzeko ezaugarriak erakusten ditu: esploratzeko gosea eta estiloen arteko mugak lausotzeko asmoa, space funk erritmoetatik gertu dauden bongoen ekarpena tarteko. Espero ez genuen The Dream Syndicateren maisulan bat baino ez da hau.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.