Musika. Ela Minus. 'acts of rebellion'

Altxamendu ekintza dantzagarriz

Diskoetxea: Domino / Music As Usual

2020ko abenduaren 20a
00:00
Entzun
Garai ilunetarako musika distiratsua», horrela definitzen du bere lehen diskoa New Yorken bizi den Gabriela Jimeno abeslari eta produktore kolonbiarrak. Egia esan, hainbat faktorek —eguneroko ekintzen errebelamenduen bilduma, egunerokotasunean eskura dauzkagun gauza txiki mordoxkena, pista guztiak letra xehez izendatzeko erabaki praktiko bezain arraroa, edo mp3 faktorea mantentzeak— argi uzten dute hau ez dela hasiberriaren zorte ona, hautu eta lan asko baitago honen atzean. Bere nebaren Raton Perez taldean hasi zen oraindik nerabe zenean, hardcore punk eszenan hazi zen, eta ondoren Bostonera joan zen Berkleeko eskola batean ikastera. Hango muturreko lehiakortasunarekin bat egiten ez zuela eta,bateria jotzen ikasten hasi zen Herbie Hancock taldeko perkusio-jotzaile Terri Lyne Carrintongekin, eta Brooklynera aldatu zenean, bertan ezagutu zuen technoa, garai hartan Krafwerk alemaniarren ezinbesteko influentzia barneratuz, etxea sampler, teklatu, sinte eta tramankuluz betez.

Baina soinu hauskor horietatik haratago, bada zerbait berezia hamar abesti hauetan, nahiz eta duela pare bat urte konposatuak izan, gaur egun bereziki beharrezkoak diren mezuak helarazten baitituzte. Badirudi, batzuetan, hartu behar izan zuten esanahi guztia hartzen joan direla pixkanaka, indartsu eta kementsu ageri dira ezamodio momentuetan, besarkada lapurtuetan, zakarrontzian bazterturiko ukipenetan, kolektibotasunaren balioa aldarrikatzeko daukagun behar larriaz, eta politikarien eta agintarien moralaren parean komun-zulotik joan den sare publikoa errekuperatzeko ilusioan. Eta, egitekotan, dantzan, nola ez. Bada zerbait berezia acts of rebellion honetan, lehen aipatu bezala. Izan liteke bere ahots xuxurlariagatik, ingelesa eta gaztelania—batzuetan abesti berean— nahasteko duen abileziagatik, edota era berean horren gizakiar eta berezkoa dirudien zorroztasunagatik, logelako synth pop delakoa beste plano batera eramateagatik. «Ez dago borroka egitea beste irteerarik, ez duzu gu geldiarazterik lortuko», aldarrikatzen du megapunk-en, Berlineko club batean gau osoan zehar entzun genezakeen abestian. «Ez dut lorik egin nahi eguzkia atera arte»dio dominique-en eta «ez zaitez modernoa izan, dantza dezagun nire aitona-amonek bezala» diosku tony kanta hipnotizagarrian. Ongi zaindutako hitzak, betiere, artista hasiberriaren ahotan, bere lurralde propioa eskuratu eta aldarrikatzeko asmoaz.

Badirudi emakumeak ari direla orain dela gutxira arte horren maskulinoa izan den elektronika eta technoaren inguruan euren lekua hartzen, eta, ez hori bakarrik, gero eta erreferentziazkoago bilakatzen ari dira asko, eta horrela jarraituz gero, Ela Minus musikariak ere horretarako aukera asko izango ditu, dantzarako musika delikatu bezain zorrotza, ezin zainduagoak diren hitzekin aldarrikatuz, debut paregabea osatu baitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.