Musika. Bob Destiny. 'Wang Dang / Manha (Troubles)'

Afrikako eroaldia

Diskoetxea: Pharaway Sounds.

2021eko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
Berrargitalpen psikodelikoetan espezializatutako Lleidako Guerssen diskoetxearen azpizigilua da Pharaway Sounds, zeinak soinu exotikoak jorratzen dituen. Marka horren bidez, Latinoamerikako, Asiako eta Afrikako diskoak kaleratzen dituzte katalanek, kasu horretan ere, berrargitalpenak. Bada, orri hauetara ekarritako kultuzko binilozko singlean jasotako bi kantuak Aljeriako Freedom Musique diskoetxeak plazaratu zituen 1970ean. Bob Destiny baina, jaiotzaz Ralph Philip Brown, Puerto Ricon munduratu zen, eta New Yorkeko Harlem auzoan hazi zen. Aljeriara iritsi baino lehen, 1956an, LP bat grabatu zuen, The Voice Of Destiny, Tampa zigiluarekin. Disko horretan askotariko estiloak jorratu zituen, jazz, mambo, calypso, rock'n'roll eta soul, besteak beste, betiere crooner kutsu batekin. Ordurako, Broadway-ko hamaika ikuskizunetan parte hartu zuen, antzezle eta dantzari. Bere musikal propioa ere sortu zuen 1961ean, Harlem USA, eta Europan barrena ere ibili zen obra hori taularatzen. 1963an, Italian finkatu zen, bai eta San Remoko jaialdian parte hartu ere Parla mi di te baladarekin.

1969an, Europatik salto egin zuen Afrikara, Aljeriara hain zuzen, bertako Antzerki Nazionalean musika irakasteko asmoz,—lehenengo Jaialdi Panafrikarra ere eratu zuen, bere inplikazio politikoaren seinale—. Herrialde horretan bi single bitxi grabatu zituen: Wang Dang / Pan Africain Festival eta Mahna (Troubles) / So Happy, biak ala biak aipatutako Freedom Musique diskoetxearekin.

Berrargitalpen honetan, bi zazpi hazbetekoetatik kantu bana aukeratu dira. Bietatik mitikoena Wang Dang da. Garage-rock kutsuko bost minutuko funk doinu basatia da: baxuak eta bateriak ozen kolpatzen dute; saxoa frenesi hutsa da; organo dantzagarriak 1960ko hamarkadako garage ukitua gehitzen dio, eta kanpai batzuk ere entzuten dira tarteka. Bob Destinyk, halaber, burua eta ahotsa galtzen ditu, onomatopeia eta oihu artean eztarria urratu arte. Esanguratsua da diskoaren azalean erantsi duten pegatinaren merkataritza-leloa: «Imajina ezazu James Brown The Sonics gidatzen!!». Eta hala da: Lleidako adituek bete-betean asmatu dute, garage talde batek jo zezakeen funk abesti basapiztia baita, alimalekoa. Ez dago dantza-pistarik jasango duenik, erokeria gordina baita. Primitiboa.

Mahna (Troubles) doinuak, bestalde, Afrikako eraginak erakusten ditu, gehienbat kantuaren sarreran. Halere, egitura osoan antzematen da kutsu afrikarra, batez ere perkusioen influentziagatik. Soul doinu exotikoa da, jazz trazak ere biltzen dituena. Destiny lasaiago ari da, dotoreago, tarteka gora egiten duen arren. Hori ere kantu puska da.

Hala, bi kantuek single beltz misteriotsua osatzen dute, funk zein ethio-jazzaren zaleak erakar ditzakeena. Binilozko zazpi hazbetekoaren edizioa ere azpimarratzekoa da, argazkiekin eta musikariaren biografiarekin baitator.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.