Musika. Julien Baker 'Litlle Oblivions'

Ahanztura txikiak

Diskoetxea: Matador Records.

2021eko maiatzaren 2a
00:00
Entzun
Guztiz biluztu da Julien Baker azken disko honetan; inongo filtrorik gabe bere adikzioez ari da, azken berrerortzeaz, bere buruarekiko gorrotoaz, jarrera autosuntsitzaileez... bere osasun mentalaz, azken batean. Askok pentsa dezakete biktimizatze tonuan diharduela, baina ez da hala, barrenetik atera zaiola nabari baita, nahiz eta, itxuraz, batek baino gehiagok asmo horrekin ari dela usteko duen. Dena den, badirudi berari ez zaiola askorik axola, ez behintzat bere abestietan autozentsurarik aplikatzeko adina, eta, horri eskerrak, lan gordin bezain benetakoa egin du, barrena hustekoa eta baita bere egoera berean daudenentzat lagungarri izan daitekeena ere; baina, era berean, guztiontzako gozagarri izango dena.

Little Oblivions honetan lagun berriak ditu, talde eta guzti ageri baitzaigu, instrumentu esperimentalez beteta, Heatwave-eko banjoa, Song in E eta Crying Wolf-eko pianoa, hardline-eko sinte eta organoa, eta Ringside-eko gitarra zikina, kasu batera. Baina taldearen laguntza izan arren, konposaketarako ahalmena bere horretan mantentzen du, eta oraingoan ere bete-betean asmatu du noiz eman protagonismo gehiago ahotsari eta noiz utzi instrumentuek berea egin dezaten, betiere hitzetan esaten ari den horrekiko koherentzia izugarriz. «Goizetan esnatzen naizenean, beren gordelekuan biluzik, hona ekarri ninduten gauza guztiei uko egiten diet, eta arratsaldez, berriro itzuliko naiz», dio Crying Wolf-en; «Odoletan egon arte jipoitzen dut neure burua, eta lehen ilarako eserleku bat eskaintzen dizut», Ringside-en; «Ze eskubide zenuen ni hiltzen ez uzteko? Nirearekin aterako banintz, gehiago sumatuko zintudan faltan nik zu, zuk ni baino», Favor-en; edota «Zerbait sentiarazten badidazu sinetsiko zaitut» Faith Healer singlean, lan osoan esaten ari dena laburbildu dezakeen esaldia. Ziptie erdiragarriak erakusten duen bezala, bere espiritualtasunak oinarrizkoa izaten jarraitzen du, baina oraingo honetan modu ezberdin batean, norberaren barruan onaren eta txarraren bila. Elkarrizketaren batean aipatu du erlijioa eta politika erabili dituela seguru sentitzeko eta antsietatea lasaitzeko, zerbait sentitzeko, eta arrazoi beragatik jotzen duela substantzia ezberdinen gehiegikeriara. Errealitate zail eta minberatik alde egiteko mekanismo txiki horiei deitzen die gure buruko ahaztura txikiak, Little Oblivions, agerian utziz disko hau horren guztiaren isla bat dela, eta, era berean, lana ere Little oblivion bat dela, baina oraingoan, Bakerren onerako.

Argi dago barrenak huste horrek, hain era gordinean gainera, berebiziko protagonismoa duela diskoan, baina lehen esandako taldearen laguntza ere aipatzekoa da, ezin hobeki moldatu baita, bere esentzia alde batera utzi gabe, eta, era berean, gero eta lan helduagoa lortzen lagundu baitio, esperimentazio puntu hori ere emanez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.