Musika. Screamers. Screamers Demo 'Hollywood 1977'

Grabazio ofiziala

Diskoetxea: Numero Group.

2021eko ekainaren 6a
00:00
Entzun
AEBetako Los Angeles hirian 1970eko hamarkadaren erdialdean loratu zen punk-rock mugimenduaren ordezkari berezienak izan ziren Screamers. Gerora synth-punk etiketarekin ezagutuko zen estiloaren sortzaileak —sintetizadoreetan oinarritutako gitarrarik gabeko punka—, aitzindari izan ziren hamaika esparrutan, besteak beste, eszenografian eta estetikan: Tomata du Plenty abeslariak (punkak eman duen lider karismatikoenetarikoa) eta Tommy Gear sintetizadore eta konpositore nagusiak aurretik drag hirukote batean parte hartu zuten, Tomatak 1960ko hamarkadan gay antzerki undergroundean burututako ibilbideari jarraituz, eta eskarmentu hori guztia agertokian eta haien soinuan islatu zuten. Horrekin batera, taldearen logotipoa, sutan eta ileak puntan dituen gizonezko baten burua, hainbat punk taldek eta argitalpenek bereganatu ez ezik, arropa saltoki handietako erakusleihoetan ere ikus daiteke.

Horregatik guztiagatik eta aipatuko ez ditugun beste hainbat konturengatik, taldearen background eta historia gertakari interesgarriz josita baitago, Screamersen itzala izugarri luzea da, kultuzko talde handienetarikoa bihurtu arte. Eragin nabarmen horrek, baina, ez du islarik izan bere diskografian, ez baitzuen diskorik ez singlerik argitaratu. Dead Kennedys taldeko Jello Biafraren arabera, «rockaren historian erregistratu ez den talde handienetako bat da». Hartara, orain arte iritsi zaizkigun grabazio guztiak piratak, soinu eskasekoak eta errepikakorrak izan dira.

Bada, AEBetako Numero Group diskoetxearen ahaleginari esker, Screamersek grabatutako demo bakarra entzuteko aukera daukagu ganorazko soinuarekin, jatorrizko grabazioetatik abiatu baitira berrargitalpena ontzeko. Bizirik dirauten taldekideen elkarlana ere nabarmendu behar da, orain arte iskanbilan izan diren Tommy Gear eta K.K Barrett bateria jotzailea, taldearen soinu-artxiboa tarteko. Hortaz, 40 urtetik gora igaro behar izan dira taldeak grabazio ofizial bat izan dezan. Screamers 1975ean eratu zen Tupperware izenarekin, eta 1981ean ezereztu zen.

Grabazioa electropunk oldarkorrez gainezka dator, Tomataren hitz zorrotzekin zipriztindua: «Modaz eta faxismoaz nazkatuta nago./ Zoratu egiten naiz, zanpatze-ismo txiki bat abiatzen saiatuko naiz». Binilozko 12 hazbetekoak bost kantu baino ez ditu biltzen, 15 minutu inguru. Hori guztia Jon Savage punkean aditu eta taldearen zale sutsuaren oharrekin osatua. «Screamersen kontzeptua sinplea baina ausarta zen: punkaren espiritua eta begirada hartu —eraso sasi-psikotikoa, puntazorrotzeko ileak, so hutsak eta ageriko sadomasokismoa—, eta 1960ko hamarkadako rock taldeen eskematik ezberdina zen formazioarekin bat egin». Disko bakarra erosi behar baduzu, hau da eskuratu beharrekoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.