Conecta Fictionek eta Eurohiriak telesailetarako deialdi bat egin dute

Bihar, etzi eta etzidamu, Internet bidez ikusi ahalko dira koprodukzioen topaketako ekitaldiak

Geraldine Godard Conecta Fiction koprodukzio topaketako zuzendaria, 2019an, Iruñean. IÑAKI PORTO / EFE.
urtzi urkizu
2021eko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Nazioarteko koprodukzioen inguruko Conecta Fiction topaketa bitan banandu dute aurten: lehen ekinaldiak bihar hasi eta asteazkenera arte iraungo du, eta ekitaldi guztiak Internet bidezkoak izango dira; irailaren 13tik 17ra, berriz, Iruñeko Baluarte jauregian egingo dituzte ekitaldiak—duela bi urte ekarri zuten topaketa Galiziatik Nafarroara—.

Conecta Fictioneko berrikuntzen artean, nabarmenenetakoa Euskal Eurohiriarekin elkarlanean martxan jarri duten telesailak garatzeko deialdia da. Fikziozko telesailak, telesail laburrak eta dokufikzioak garatzeko laguntza eta sariak emango dituzte. Uztailaren 5ean amaituko da proiektuak aurkezteko epea, eta dokumentazio osoa ingelesez aurkeztu behar dute hautagaiek.

Sarien artean, France3 Akitania Berriak 10.000 euro emango ditu proiektua garatzeko; diru kopuru bera emango du EITBk; Euskal Eurohiriak 6.000 euroko sari bat emango du; eta Navarra Television kateak promoziorako bideoen laguntza eskainiko du.

Akitania Berriko eta Hego Euskal Herriko adituz osatutako epaimahaiak hiru finalista aukeratuko ditu. Era berean, nazioarteko pitching saioak egingo dituzte irailean, Iruñean, Conecta Fiction topaketan.

Proiektuek Euskal Eurohiriarekin lotura izan behar dutela diote oinarriek. Hizkuntzaren erabileraz, bestalde, honako hau dio deialdiak: «Proiektuen artean baloratu egingo da hiru eskualdeen hizkuntzetakoren bat erabiltzea: gaztelania, frantsesa edo euskara».

Euskal Euskohiriko zenbait ordezkarik Internet bidezko ekitaldi batean parte hartuko dute Conecta Fictionen, asteazkenean: euroeskualde desberdinen arteko sinergiak sustatzearen inguruan mintzatuko dira Arola Urdangarin Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Eurohiriko zuzendaria eta Marie Hegui-Urain Eurohiri bereko kooperazio proiektuen kudeatzailea. Solasaldi horretan parte hartuko dute Xabier Bernards Sands Pirineus Mediterrania Eurohiriko zuzendari nagusiak eta Lorena Abelenda Pirineus Mediterraniako proiektu arduradunak ere.

'Florence Cassez auzia'

Herrialde desberdinetako ekoizleen artean garatutako zenbait proiektu aurkeztu dituzte azkeneko lau urteetan Conecta Fiction topaketan. Duela bi urte aurkeztu zuten proiektu bat Florence Cassez herritar frantziarraren auziaren ingurukoa da —Mexikon 60 urteko espetxe zigorra jarri zioten 2007an—. Preprodukzioan da auzi horretan oinarritutako telesaila, eta asteazkenean xehetasunak emango ditu Sandra Ouaiss ekoizle eta Elephant International konpainiako zuzendariak.

Conecta Fictioneko zuzendari Geraldine Godardek esan du topaketan «benetako merkatu bat» sortu dela profesionalentzat. «Ziurtatu dezakegu gaur egun merkatua dagoela eta negozioa egiten dela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.