Musika. Thrice 'Palms'

Post-hardcore zurrunbiloan

Diskoetxea: Epitaph Records.

2018ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Hogei urte daramatza Thrice talde kaliforniarrak musikaren munduan —bi urte eta erdiko atsedenaldi bat tarteko—, eta Palms izeneko hamargarren estudioko lana argitaratu dute hilabete honetan bertan, taldearen sorreraren eta lanen urteurren borobila ospatzeko halako diskoa eginez.

2005. eta 2011. urteen artean zazpi lan plazaratu zituzten, guztiak beraien artean ezberdinak, eta guztiak kalitate bikainekoak, bai kritikaren, bai zaleen esanetan. Major/Minor haren ondorengo atsedenaldiaren ostean To Be Everywhere Is To Be Nowhere argitaratu zuten duela bi urte, eta aurreko lanen adinakoa esperota, buruhandi gelditu zen bat baino gehiago, lan txukuna izanda ere, euren ibilbideko diskorik eskasenetakoa baita. Horregatik, ikusmin handia zegoen zaleen aldetik, azken lan hura atzean utzi eta berriro ere ohikoa duten indarra eta gaitasuna erakutsiko zuen lan baten esperoan. Hala izan da, bada, Palms honetan, berriro ere arriskatu eta testura ezberdinak instrumentu anitzen geruzekin nahasten baitira. Lehen entzunaldian lan bikaina dela konturatzea zaila ez bada ere, zenbat eta gehiago entzun, orduan eta hobeto ulertzen den disko horietakoa da honakoa, xehetasun eta ñabardura ugari baitaude hamar abestietan. Only Us lehen abestiarekin soinu elektrikoekin hasi eta gitarra pisutsuagoetara pasatzen da; jarraian datorren The Grey-n, aldiz, ohikoago zaigun Thrice ageri zaigu, post hardcore doinuak hasieratik bukaeraraino mantenduz. Bi abesti hauek gero etorriko denaren adierazle dira, The Dark bezalako abesti moteletan ere taldearen bereizgarri den soinua erraz antzeman baitezakegu. Hala ere, diskoa aurrera joan ahala, erdialdetik aurrera indarra hartzen du, Just Breath eta Everything Belongs kantekin kasu, eta 2011 hartako Major/Minor diskoa gogorarazten digun My Soul bezalakoekin. A Branch in the River eta Hold up a Light abesti gorenak dira, post-hardcore doinuak puri-purian agertuz, errepika oihuka abestera bultzatuz. Diskoaren amaierarako aukeratutako Blood on Blood eta Beyond the Pines abiaduraz motelagoak izanagatik ere, intentsitatea, teknika eta esperimentazioa aise antzeman ditzakegu, lehenengoko piano doinu leunak gitarra punteatzearekin batera hasi eta rock zurrunbilo batean amaitzen denean kasu, edota diskoa ixteko hautatutako abesti luzean entzun daitezkeen gitarra eta ahots hauskorrak bateria puruaren laguntzaz amaiera borobila emanez.

Lan bikaina oparitu digu oraingoan ere Irvineko laukoteak, soinuan eboluzionatuz baina beren-berena dutena mantenduz, aurreko bederatzi diskoetan bezala. Hogei urte hauetan kide berberek osatu dute taldea, eta nabaria da haien arteko konplizitatea, baita horrek taldeari berari ematen dion sendotasuna ere. Horrela, disko borobil bat bestearen atzetik argitaratzeko ahalmena ematen die, detaile guztiak perfektuki bat etorriz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.