Musika. Jon Spencer 'Spencer Sings The Hits'

Ez hain 'super-zikina'

Diskoetxea: In The Red Records.

2018ko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Pussy Galore, The Jon Spencer Blues Explosion (JSBX), Heavy Trash eta Boss Hog taldeekin ibilbide luze eta aski ezaguna egin ostean, Jon Spencerrek bakarkako estreinako lana plazaratu berri du In The Red zigilu prestigiotsuaren bitartez. Kaliforniako zigiluaren arabera, New Yorkeko musikariak Pussy Galoreren garaietatik argitaratutako kantu «basatienak, primitiboenak eta sendoenak» argitaratu ditu. Musikariak berak aitortu duenez, Pussy Galore eta garage-punka dira grabazio honetako influentzia nabarmenenak.

Spencer beti aritu da beste musikari batzuekin kantuak sortzen, Pussy Galoren izan ezik; beraz, Spencer Sings The Hits da benetan bakarka aritu den bigarren aldia. Estatubatuarraren jatorrizko hitzetara joko dut azaltzeko zein zen bere asmoa disko hau idazterakoan: «Nahi nuen super-garage eta super zikina izango zen disko bat egin. Feedback handia izango zuena». Bada, ez dut uste horrelakorik lortu duenik. Bere asmoa Pussy Galoreren jario zikin eta zaratatsura itzultzea izan bada, argi dago porrot egin duela.

Halere, diskoa gozagarria da, eta esango nuke Pussy Galoreren eta bere ibilbide osoak emandako ondarearen arteko uztarketa gehiago dela. Galore vs JSBX leloarekin ondo baino hobeto irudika dezake irakurleak disko honek dakarrena.

Hartara, heldu diezaiogun diskoaren mamiari. Spencerrek kobazuloko baliabideak erabili ditu hamabi kantuok egitean: soka bakarreko notak, no rhythm chords; sintetizadoretik pasatutako baxua —antzeko efektua lortzen du bere gitarrarekin JSBX taldean—, eta bateria metalikoa, hots, besteak beste, Pussy Galoren eta Sonic Youthen aritutako Bob Berten txatar kutsuko abilezia paregabea. Errepertorioari erreparatuta, Wilderness, Overload eta I Got the Hits JSBXren lehenengo diskoetan egon zitezkeen; Do The Trash Can 1950eko hamarkadako kantuetako onomatopeiekin josita dator; Fake blues zingiratsuan lokaztua dator, eta rockabilly birziklatua ere badago diskoan, The Crampsek egingo lukeen erara.

Finean, New Yorkeko musikariaren proposamen errepikakorraren zaleok gustura entzungo ditugu hit hauek, baina hemen ez da 1980ko hamarkadan Pussy Galorek erakutsitako jarrera zalapartatsu, herdoildu eta probokatzailearen arrastorik, adina eta bizi ditugun garaion zama handiegia baita horrenbeste disko eta kontzertu eman dituen artista baten bizkarrezur minduarentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.