Jose Merce. 'Oripandó'

Himnoak egiteko modu ugari

Diskoetxea: Universal.

Andoni Tolosa.
2022ko martxoaren 20a
00:00
Entzun
Alde asko ditu Jose Merceren disko berriak, kantu bilduma honek linealetik ez baitu ezer. 1970eko hamarkadako rock sinfoniko disko batetik ateratakoa dirudien ia hiru minutuko introarekin hasten da Preludio de un nuevo día; koroak, biolinak, arranke rockeroa, barealdia... Baina, ondoren, Merceren ahots keztatuak eta Pablo Lopezen pianoak alde flamenko biluztuenera, ia-ia akademikora, dakarte kantua. Berriro ere, amaieran, ukitu sinfonikoa itzultzen den arte —kantuak ia 8 minutu irauten du—, beste bi minutuko zati instrumental epikoarekin. Ez da Merce epelkerietan aritzekoa, eta behin jolasten hasita, hobe ausardiarekin egitea. To, hemen daukazue diskoaren sarrera.

Ukitu progresibo horiek oso nabarmenak dira disko osoan, baina hortik aurrera kantuak gehiago hurbilduko dira pop molde estandarragoetara. Eta hori oso nabarmena da oilo larrua eragiten duen Jamás desaparece lo que nunca parte kantuan. Alde batetik, aipatu moldaketa sinfonikoek areagotu egiten dute kantuaren dramatismoa eta epikotasun ia-ia operistikoa. Baina melodia ederrak, Merceren ahots jakintsuak, eta oso ongi funtzionatzen duen leloak orekatu egiten dute kantua, gehiegikerian eror ez dadin.

Mercek dio disko honetan kantu guztiek dutela oinarrian erritmo edo molde flamenkoren bat, eta egoskorkeria hori da diskoaren baliorik handienetakoa. Adibide bikaina da Cuando todo empieza eta Tengo cosas que contarte kantuek osatzen duten opus txikia. Lehenengoa martinetearekin hasten da, eta mailua, ingudea eta ahots biluztua ditu osagai bakarrak. Baina, bat batean, erritmo kutxa bat sartu, eta banaketa argirik gabe, hurrengo kantua hasten da, argi, arin, pop ukitu nabarmenarekin. Mailuak, ordea, oraindik hor jarraitzen du, baita La Mala Rodriguez rapean hasten denean ere. «No se puede cantar de otra manera» dio Jose Mercek amaieran, eta bikain laburtzen du saiakeraren mamia.

Ondoren datorren Si tú me lo pides volvería a empezar kantua da disko honetako gailurretako bat Dorantesen piano hegalariak lagunduta, eta are hunkigarriagoa gertatzen da bere hasierako garaiak gogora ekartzen dituen istorioa. Berriro ere hezurretaraino heltzen den lelo batekin jantzitako kantua. Antzeko zerbait gertatzen da, baina Tomatitoren gitarrarekin, segidan datorren Cincuenta primaveras y otras mil que yo quisiera kantuan.Gozo-gozo doa, erritmo ertaineko baladaz jantzia, bukaera orkestralak apur bat galgatzen badu ere. Epikotasun horrek, berriz, goia joko duAlegría kantuan... Ez da harritzekoa himno bat Oripandó hau ixteko.

Geografia musikal pixka bat eginez, disko hau kokatzekotan, Trianaren El Patio, Enrique Morente eta Lagartija Nicken Omega eta KetamarenCanciones hondas diskoak gurutzatzen diren punturen batean jar daitekeela uste dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.