Los Fresas / Barrakos 'Los Fresas / Barrakos'

Buenavistako altxorrak

Diskoetxea: Artza Records.

2022ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Artza Records zigiluak indusketa lan bikaina egin du Los Fresas eta Barrakos taldeen lan partekatua berreskuratuz —Andoiango 30% hardcore taldearen maketa ere berrargitaratu du—, Trintxerpeko Buenavista lokalek 1990eko hamarkadan emandako harribitxi ezezagunak baitira.

Buenavistako eztanda horretan eratutako taldea izan zen Barrakos. Taldekideen artean, Julen Atorrasagasti eta iker Illarramendi zeuden, gerora, Nuevo Catecismo Catolico (NCC) taldeko musikariak izango zirenak —Illarramendik, gainera, Los Fresas-en ere jo zuen, besteak beste, Gonzalo Ibañez (La Perrera/NCC) eta Sanirekin (30%)—.

Hala, izen saldo horrek nabarmen erakusten du 90eko hamarkadan Buenavistan, eta, era berean, Andoaingo gaztetxean, piztu zen punk-rock, hardcore eta metaleszenaren protagonistak daudela lan honetan, eta, sasoiko beste euskal musikari batzuekin alderatuz, bazterrean gelditu izanagatik ere, haien itzala luzea izan da eta izaten jarraitzen du, behintzat jorratzen zuten generoen zaleen artean.

Hala, Artza diskoetxeak binilozko diskoanberrargitaratu duen lan partekatuan, Barrakos eta Los Fresas taldeek grabatu zituzten maketak bildu dituzte, garaiko giroari, eta, batez ere musikari merezi duen aitortza emanez.

Horiek horrela, Barrakosen maketa Euskal Herrian egin denpunk-rockgrabazio onenetarikoa da, eta berrargitalpen honen berri izan nuenean biziki poztu nintzen. Zazpi kantu baino ez ditu jasotzen, baina taldeak nortasun handia eta irizpide propioa erakusten du muturreko generoak nahasten, tartean, hadcorea, punk-rocka, garage-rocka eta metal zertzeladak, betiere melodiari bizkarra eman gabe, batez ere, Julenen ahots bereziak jarioari itsasten dion markari esker. Hartara, taldeak proposamen nahiko heterodoxoa eraikitzea lortu zuen, estilo jakin batzuetan jardun arren. Bertso formatuko B.E.R.T.S.O. sarrera-doinutik hasita, plazer hutsa da Hurbildu edo Azken arnasa bezalako abestietan murgiltzea. Kantuotan Bad Brains-en gitarra zorrotzak garage-rock kutsuko aho-soinuarekin uztatzen dira, etengabeko erritmo aldaketak gertatzen diren bitartean. Sasoian boladan zegoen garage-revival giro hori nabarmena da Borra instrumentalean. Miracle Workers edo The Creeps taldeen arrastoari jarraitzen dio, piano eta guzti. Trintxerpeko leherketa ahalbidetu zituzten lokalak ere omendu zituzten Buenavista (Qué buena vista) doinuaren bitartez.

Los Fresas-en aldea, aldiz, ortodoxoagoa da, punk-rock-era lotuagoa. Garai hartan desagertzear zegoen La Perreraren ondorengoak dirudite, baina baita laster eratuko zen Nuevo Catecismo Catolicoren hazia ere.

Itsu-itsuan eskuratu beharreko lana da, maketok halabeharrez atera behar baitziren ganbarako kutxetatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.