Musika. Auritz. 'Laino eder hori'

Ederra benetan

Diskoetxea: Maldito Records.

Inaxio Esnaola Aranzadi.
2018ko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Mikel Bizar musikari bizkaitarrak denbora eta talentua eskaini dio Auritz, Laino Eder Hori proiektuari. Hilabeteetako lanaren emaitza bikoitza da: disko-liburu bat. Literatura eta musika uztartzen ditu. Hitzak eta doinuak. Errealitatea eta fikzioa. Izan ere, Autismoaren Espektro Nahasmena (AEN) duen mutiko baten istorioa kontatzen du. Auritz da bere izena.

Liburuak 200 orrialde ditu eta gaztelaniaz plazaratu du Bizarrek. Esa maravillosa niebla eleberrian kontatzen du Maren amaren eta Auritz semearen abentura. Fikziora eraman du benetako ama baten eta haren semearen esperientzia pertsonala. Toti Martinez de Lezea idazlearena da hitzaurrea, eta Ian Mason abeslariak (The Wizards) idatzi du epilogoa. Diskoa, berriz, hamalau kantuko euskarazko soinu banda da. Aipaturiko istorioa kantatzeko musika sortu du Bizarrek musikari apartez inguratuta. Heavy metal lan kontzeptuala osatu du, ederra benetan.

Maren amaren azken oroitzapenetik sortzen da dena. Alzheimerren gaitzarekin dago egoitza batean, eta bere bizitzako hogei urte gogoratzea lortzen du. Urte horietan, Auritz semearekin batera arrosa beltzaren bilaketa luze eta zailaren ibilerak berreskuratzen ditu. Abentura horretan pasarte ugari bizi izango dituzte, eta Gmork izaki maltzurrarekin topo egingo du. Baina nor da? Hori jakiteko, liburua irakurri edo diskoa entzun behar da.

Hamalau istant ditu diskoak, eta metal zein hard rock doinuak dira protagonista. Idi Bihotz taldeko ahotsa eta gitarra izan zen Mikel Bizar, eta iragana berreskuratu du hein handi batean. Gorka Bizar anaia batu zaio, eta beste hiru musikarirekin trinkotu dute Auritz banda: Kapi Guarrotxena (OST, Porco Bravo) gitarrita eta ahotsa, Jorge Murillo baxu jotzailea eta Ibon Jordan bateria jotzailea. Kolaboratzaileak ere ezin aipatu gabe utzi. Tartean dira Asier Enbil (Asgarth), Ibai Marin (Hira), Dani Perez (Beforce) eta Ekaitz Garmendia (Legen Beltza).

Kontaketaren araberako pasarteak ditu lanak. Gmörk sarreratik Uren kantua azken kapituluraino, ildo bat marrazten da. Kolore bizikoak dira gehienak, itzalekin batera osatzen direnak. Nahi ereserkia aspaldi aurkeztu zuten, eta beste ezusteko batzuk topa daitezke. Lanbroan, Sorgin giroa eta Eta hemen naiz indartsuak, Zin dagizut, Tillandsia eta Ni naiz Gmörk power metal goxokiak, eta Zerurik gabeko izarra balada zoragarria.

Auritz mugarri berri bat da euskarazko heavy metalean. Euskal musikagintzak Avantasiarena bezalako metal opera bat merezi zuen, eta gure Tobias Sammet soilik Mikel Bizar izan zitekeen. Benetan ederra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.