Musika. Carina Salvado 'Fado-Pop'

Fado pop ala pop fado?

Diskoetxea: Z Production.

Andoni Tolosa.
2020ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
Herri musikari lotutako genero guztiekin gertatzen den moduan, ez dute zer ikusirik fadoaren egungo panoramak eta duela 35 urtekoak. Nahiz eta fadoaren egungo kolore aberastasunak lotura zuzena eduki garai hartan gertatu zen portugaldar musikaren loraldiarekin. Orduan kaleratutako diskoek (Madredeusen 1987ko Os Dias De Madredeus, besteak beste) mahai-gaineratu zuten Portugalgo herri musika ikuspegi berritzailearekin lantzen ari zen musikari belaunaldi berri eta ipurterrea bazela, bereziki fadoari begira jarritakoa, gainera. Jakina, ez dugu disko horren iruzkina egingo hemen, baina esanguratsua da Carina Salvado kantari frantziarraren hirugarren disko hau entzundakoan zenbatetan etortzen den burura ordukoa.

Kantaera izan daiteke, kantu geldoenetan Teresa Salgeiroren zetazko ahotsa gogorarazten duelako, edo, moldaketetan, tresna klasikoak (txeloak, biolinak...) eta bestelakoak (bateria, baxua, gitarra elektrikoak...) uztartzeko moduan Rodrigo Leaoren trebezia irudika daitekeelako... Baina bai, uste dut nabarmena dela haien itzala. Beraz, ondorioztatu daiteke disko sofistikatua dela, dotorea eta kolore askotarikoa, non fadoaren presentzia joan-etorrian dabilen, kantuaren arabera, pop musikaren, musika klasikoaren eta jazzaren uztarketak sortzen duen zimenduen gainean agertzen eta desagertzen delarik.

Badira, ondorioz, modu batera edo bestera, fado aldera lerratzen diren kantuak: Cantiga Contigo, O Tempo, Fontpedrosa eta, batez ere, Cansaço eta Pecado ederrak. Beste batzuek, ordea, chanson aldera egiten dute nabarmen; Mae Naturaleza, Le Fil edo Menino-k. Azkenik, badago Ave Maria klasikoaren bertsioa, are klasikoagoa. Ez dakit, ondorioz, disko honen izenburuak ez lukeen alderantzizkoa izan behar; Fado-Pop izan beharrean, pop fado, alegia. Horrek ez dio baliorik gehitzen edo kentzen kantu bildumari, baina fadozale amorratuenek eduki dezaketen kamustura leuntzeko balio dezake.

Laburtzen hasteko, oso disko entzungarria da, musikari bikainez inguratutako kantari bikain batek burutua. Portugesek arte mailara igotako malenkonia kutsu horrekin jantzia eta estridentziarik gabe, hasierara bueltatuta, Madredeusen diskoen jariotasun bertsua du Carina Salvadoren disko honek, eta ez da batere erraza izaten, hainbeste estilo nahastuta, horrelako zerbait lortzea. Beraz, eta leporatu dakiokeen originaltasun faltari aurre egiteko, gogoratu beharko genuke fadoan, akademia zorrotza duten beste genero musikal gehienetan bezala (tangoa, rumba...), ia ezinezkoa dela, azken urtetako bilakaera ikusita bederen, ideia berriak eta batez ere originalak topatzea. Baina hori ez dago diskoen bikaintasunarekin kontrajarria. Eta Fado-Pop hau, horren adibide.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.