Musika. Mihise 'Kronik@'

Elkarrekin

Diskoetxea: Balio Dute.

Inaxio Esnaola Aranzadi.
2020ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Hirurek iraun dute, sortuz eta bide berrietan barneratuz. Usurbilgo Hotzikara taldean ibilitako Beñat Urteaga, Antton Aranburu eta Mikel Olasagasti musikarien errebelazioa da Mihise. Izen eta proposamen aldaketak haustura bat islatzen du, bilakaera adierazgarri bat. Rockaren aldarte gordinetik nabarmen urrundu dira, esperimentatzeko eta beste norabide bat lantzeko. Kronik@ da lehen emaitza, eta orain arte elkarrekin sortu duten onena. Euskarazko rock alternatiboa biziberritzeko balio behar luke.

Musika dute bidaide, eta hamar kantuko kontakizuna askabide. Doinuak eta hitzak elkarrekin doaz, bizitza eta heriotzaren antzera. Minetik idatzitako narrazio existentziala nota, giro eta pasarte ezin aproposagoekin babestu dute. Jarraian eta etenik gabe entzuteko lana plazaratu dute gipuzkoarrek. Eta berriz ere kantuak ematen dio hasiera zirkuluari, eta bueltaka abiapuntura itzultzen dira. Hain zuzen ere, Aitzakian aurreneko pintzelkadan marraztu duten pasartea da buklearen lotura. Lau dira pintzelkadak, eta, aitortu dutenez, printzipioz abestiak lotzeko pieza txikiak ziren. Azkenik, ordea, kantu oso bihurtu dituzte eta kronikaren ezinbesteko atalak dira.

Intentsitate maila desberdinak eraiki dituzte gitarra, baxua eta bateria oinarri hartuta. Horien osagarri dira erabilitako sintetizadore eta efektuak. Musika instrumentalera mugatzeko asmoa bazuten ere, azkenean, abestera ausartu dira Urteaga eta Aranburu. Kontalari gisa bi ahotsak tartekatu dituzte, eta moldatu direla esan daiteke. Ezikusi, Zer gara ba? eta Besterik ez dira nabarmentzen direnak, bereziki kantuz kontatzen dutenarengatik. Bestalde, erabili dituzten hitz jolas jakinek aipamena merezi dute. Hala nola ahazkura eta amestesia.

Entsegu lokalean ia bost urtez landurikoa grabatzeko Berako Atala estudioa aukeratu zuten. Iñigo Irazoki soinu teknikariaren lana gustuko dutelako jo zuten hara, eta seguru pozik daudela emaitzarekin. Hiru musikariek, lehen aldiz, elkarrekin eta analogikoan grabatu zuten diskoa. Egia esan, aterpe horretatik pasatu diren eta Irazokirekin lan egindako talde batzuen tankera dute. Esaterako, Willis Drummond, Borrokan eta Kaskezur. Hiru horiek gustuko dituenak, Mihise hirukoa estimatuko du, zalantzarik gabe.

Berrogeialdian borobildutako lana taula gainera eramango dute laster, eta bere osotasunean joko dutela iragarri dute. Kronikaren zentzua zuzenean ere mantentzeko asmoa dute, eta bere barnean gordetzen duen indarra askatzea lortzen badute, aurrez aurre bizitzekoa izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.