Kottarashky & The Rain Dogs 'Doghouse'

Non egon dira orain arte?

Diskoetxea: Asphalt Tango 2022

Andoni Tolosa.
2022ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Balkanetako musikek, eta, batik bat, Balkanetako ijitoen musikek eduki dituzte garai oparoagoak gure artean. Mende aldaketarekin batera, goia jo zuen hango musiken eta handik eratorritakoen ospeak, dantza musikak eta erroetatik zetozenak uztartzeak dantza-klubetan lortutako arrakasta zela medio. Goran Bregovic, Fanfare Ciocarlia, Shantel, Emir Kusturika, Dunkenbult, Roban Marcovic, Mahala Rai Banda... Mamitsua da garai haietan gure imajinario musikalean leku bat egindakoen zerrenda. Baina, ia lortutako entzutea bezain azkarra gertatu zen, musika horien desagerpena world music delakoen jopuntutik.

Ohikoa den moduan, horrek ez du adierazten sortzaile horiek eta haien itzalean hasitako beste askok musika egiteari utzi ziotenik, ezta gutxiagorik ere, musikaren merkatu globalak beste interesgune exotikoagoak topatu zituela baino. Jakin beharko, gerrak gerra, hain urruti geratzen zaigun Europako ekialde horretan zein-nolako bilakaera eduki duten azken urteetan.

Horren lekukotasuna ematen du Kottarashky bulgariar DJ eta musikariaren laugarren lan luze honek, bertan folktronika balkanikoa handi egin zuten ezaugarri gehienak topa daitezke eta: melodia herrikoiak, dubaren, breakbeataren, trip hoparen ekarpen erritmikoak, ahots oroitarazleak, eta balada geldotik dantzalekuetako paradisura doazen kantu eta pieza instrumentalen uztarketa.

Zer dauka, orduan, berritik disko honek? Agian ezer ere ez, baina ez litzateke justua izango haren balioa ongi burututako ariketa nostalgiko batera mugatzea. Hari horretatik tiraka, eta urte batzuk atzera eginda, 2009an bulgariarrak kaleratu zuen lehenengo diskora hain zuzen ere, esan beharra dago garai hartan dagoeneko estiloaren ohiko bideetatik urrundu, eta errazkeriei muzin egitekogaitasunean oinarritutako nortasun musikala erakutsi zuela Kottarashkyk. Txaranga ganberroaren, edo house matxakoiaren arriskuei izkin egiten zien sortzaile baten lana zen hura. Opa Hey (Asphalt Tango 2009) diskoak mendebaldeko hainbat komunikabideren interesa erakarri zuen, eta horrela lortu zuen Nicola Gruevek leku bat world-music delakoaren zirkuituan.

Ondorengo bi diskoek, jada Kottarashky & The Rain Dogs izenarekin kaleratutakoek, ez zuten halako oihartzunik eduki (moda kontuak direla medio, ziurrenik). Baina laugarren honek duen sendotasun eta freskotasunak erakusten du, agian, itzalean emandako denbora horrek mesede baino ez diola egin taldeari. Norbaitek balkanetako psikodelia gisara izendatu du haiek egiten dutena, eta agian ez dabil urruti, hortik asko dagoelako kantu-bilduma honetan. Goraipatzekoak Asia Andonova eta Tui Mamakiren ahotsak, eta Sando Sandoven tronpetaren jotzeak. Noski, ezin falta tronpetak horrelako disko batean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.