Arrosa sarea «indartsu» dago, eta atea zabaldu nahi die beste irratiei

Topaketa batzuk egin dituzte zortzigarren urtez. Saio trukerako «tresna baliotsutzat» dute sarea

Arrosa sareko irratietako kideak Urretxuko KKinzona irrati librean bildu ziren atzo. JON URBE / FOKU.
urtzi urkizu
2019ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Euskal Herriko zazpi herrialdeetako 23 irrati biltzen ditu Arrosa sareak, eta, etorkizunari begira, egitasmoa «indartsu» dagoela ondorioztatu zuten atzo irratietako kideek, Urretxun (Gipuzkoa), KKinzona irrati librean. Sarearen zortzigarren topaketak egin zituzten bertan —urte bakoitzean herri edo hiri desberdin batean egin dituzte—. Ion Etxebarria Arrosako koordinatzailearen arabera, aurtengo topaketak «oso probetxuzkoak» izan dira, «bereziki barne gogoetarako».

Irratietako kideak bi taldetan banatu ziren goizean: batetik, arlo teknikoaz eztabaidatzeko bildu ziren informatika adituak, eta Radio Cloud sistemaz hitz egiten aritu ziren; irratien behar teknikoak jarri zituzten mahai gainean. Beste kide batzuek gogoetak plazaratu zituzten beste talde batean. «Ondorioztatu dugu Zebrabidea magazina gure irratsaio nazional izarra dela, eta horrekin jarraitu nahi dugula», azaldu zuen Etxebarriak. Azkeneko bi urteetan bezala, Maialen Kortabarria esatariak Gasteiztik aurkeztuko du Zebrabidea. Astelehenetik ostiralera ematen dute sareko irrati gehienek, 16:00etatik 18:00etara.

Etxebarriak uste du Arrosa tresna «oso baliotsua» dela irrati txikien trukerako. Eta hala adierazi zuten atzo irratietako ordezkariek ere. «Nabarmendu nahiko genuke Arrosa irekita dagoela Euskal Herriko beste irrati batzuetara. Gure helburuetako bat litzateke irrati gehiago sarera batzea».

Beste helburuetako bat Zebrabidea magazinean Euskal Herriko errealitatea «ahalik eta hobekien» islatzea izango litzateke, Etxebarriaren arabera.

Goizeko gogoeten ostean, bazkaldu eta gero umorerako tartea hartu zuten irratiko kideek, eta kuña lehiaketa egin zuten. Gero, ibilbide bat egin zuten Urretxun eta Zumarragan, bi herrien historian esanguratsuak diren tokietan. Eguna kontzertu batzuekin bukatu zuten: «KKinzonako lagunek lan handia egin dute eguna antolatzen, eta pozik daude», gaineratu zuen Etxebarriak.

Korrikan elkarlanean

Apirilaren 4an, Arrosak irratsaio berezi bat egingo du Korrikaren hasierarekin bat egiteko —Zebrabidea-ren orduan emango dute—. Arrosako bi esatari Korrikako furgonetan egongo dira egunero, zuzeneko konexioak egiteko. Sare sozialetan argazkiak eta elkarrizketak igoko dituzte. Korrikaren bukaera ere elkarlanean emango dute, Gasteiztik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.