BERRIAk mapa interaktibo bat egingo du gaur bozetako emaitzekin

Paperezko edizio berezia aterako du bihar egunkariak. Telegramen ere emango du gauaren berri

Espainiako Kongresuko eta Senatuko ordezkariak aukeratuko dituzte gaur herritarrek. JORGE ZAPATA / EFE.
urtzi urkizu
2019ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Espainiako Kongresuko eta Senatuko hauteskundeak dira gaur, eta BERRIAk egunean gertatzen den guztiaren berri emango du. Webgunean, goizetik arituko dira; egunkariko kazetariek zuzeneko kontakizuna egingo dute. Baita sare sozialetan ere: Twitterren, Facebooken eta Telegramen —dagoeneko bi mila harpidedun baino gehiago ditu BERRIAren Telegrameko profilak—. Bihar, berriz, paperezko edizio berezia argitaratuko du egunkariak; harpidedun guztiek jasoko dute kazeta postontzian, eta kioskoan ere ez da faltako.

Gaur iluntzean, zenbaketa hasi ahala, BERRIAk Hego Euskal Herriko emaitza guztiak emango ditu herrialdeka webgunean. Hego Euskal Herriko boto kopuru totala azalduko dute eta Espainiako Kongresuaren osaketa nola gelditu den plazaratuko dute. Mapa interaktibo bat ere osatuko dute; bertan ikusi ahalko da zein alderdik izan duen boto gehien Hego Euskal Herriko herri bakoitzean, eta alderdi bakoitzak gora edo behera egin duen kontsultatzeko modua ere egongo da. Herrialde bakoitzean emaitzak zertan diren azalduko dute, eta Espainiako Gobernuari begira egon daitezkeen itun posibleen berri emango dute. Era berean, bideo bat zabalduko dute webgunean eta sare sozialetan, gauaren laburpen gisa.

EITB eta Hamaika

Telebista eta irrati kateetan hainbat saio berezi egingo dituzte: ETB1en 19:55ean hasiko dute programa, eta 01:00ak arte iraungo du. Aurkezleak Amaia Cayero eta Xabier Usabiaga izango dira. 01:00etatik aurrera, gainera, herriz herri zer emaitza izan diren ikusi ahalko da ETB1en. ETB2ko saio berezia, berriz, Africa Baetak, Juan Carlos Etxeberriak eta Xabier Garcia Ramsdenek aurkeztuko dute. Euskadi Irratian 19:45ean hasiko dute saio berezia, eta esatari gidariak Iñaki Guridi eta Olaria Urtiaga izango dira. Irratiko hamabost kazetari egongo dira hamabost konexio gunetan. Ordu berean hasiko dira Radio Euskadin. Gaztelaniazko irratiko irratsaio berezia Dani Alvarezek gidatuko du.

Espainiako telebista eta irrati publiko eta pribatuetan ere zuzeneko saio bereziak egingo dituzte gaur, 19:30etik aurrera. Baita Galiziako TVGn eta Kataluniako TV3 eta 324 kateetan ere.

Hamaika telebistak ez du programa berezirik egingo gaur gauean, baina sare sozialetan emango du gauaren berri —batez ere, Twitterren—. Bihar, berriz, Gurean gaur eta Gakoak saio bereziak egingo dituzte hauteskundeek ematen dutenaren inguruan. Asteartean, Nafarroan Gaur saioan aztertuko dituzte emaitzak, hainbat kazetarirekin. Eta, asteazken gauean, «umore azidoz» aztertuko dituzte bozak, Kolpez kolpe saioan. Euskarazko tokiko hedabide askotan ere emango dute bozen berri gaur eta bihar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.