Hamaikak webgunea berritu du, azken joerekin bat

Pantailaren tamainaren arabera, bistaratzea egokitzen da, noiznahi eta nonahi ikusteko

Saioetako edukiak solte eta atalka topa daitezke Hamaikaren webean. BERRIA.
urtzi urkizu
2020ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
«Ikuslea erosoago sentitzeko» eta «estilo garaikideari bidea emateko», Hamaika telebistak webgunea berritu du. «Argitasuna» eta «sinpletasuna» lehenetsi dituztela nabarmendu du Ekhi Atorrasagastik, Hamaikako komunikazio eta eduki zuzendariak. Edukiak ikusteko bestelako esperientzia eskaintzen du orain www.hamaika.eus atariak.

Euskarazko kateak 11 urte bete ditu aurten, eta urteurren horretarako zenbait egitasmo zituzten esku artean. Horietako gehienak aurrera eramateko modua izan dutela nabarmendu du Atorrasagastik. Irudi korporatiboa eta logoa aldatu zituzten martxoan. Eta, orain, webgunearen diseinua eraberritu dute.

Webgunearen berrikuntzen artean, responsive diseinua dago. Horrek modua ematen du webgunea era automatikoan egokitzeko; pantailaren tamainaren arabera, edukien bistaraztea egokitzen da, noiznahi eta nonahi ikusteko. «Beste hedabide batzuen moduan, teknologia mota hori erabiliko du Hamaikak sarean», azaldu du Atorrasagastik. Hartara, edozein gailu eramangarritan Hamaikaren zuzeneko programazioa zein bestelako edukiak nahieran ikusteko modua dago.

Ikus-entzuleak aukera gehiago ere izango dituela azaldu du Hamaikako komunikazio arduradunak: «Hamaikako emisioan dauden albistegiak eta saioak ikus daitezke, eta horietan landutako eduki solteak ere bai, atalka. Nahi duenak aukera izango du saio bat osorik ikusteko, baina menu erraz bat eskaini nahi izan dugu eduki sistema guztia eskura edukitzeko».

Hamaikak azkenaldian duen estrategiari jarraitzen dio eskaintzak. «Aktualitateari heltzea erronka handia da guretzat, baina baita bestelako edukiak jostea ere. Horren bidetik sortu ditugu eguerdiko magazina eta albistegia, eta iluntzeko analisia Gakoak saioan». Atorrasagastik esan du «azkenaldian egindako apustuei helduz» egingo dutela webguneko eskaintza.

'Berria.eus'-etik ere ikusgai

Hamaikaren zuzeneko emisioa, telebistaren webetik ez ezik, BERRIAren webgunetik ere ikus daiteke: www.berria.eus/hamaikatb.

Hamaikaren 11. urteurrenerako aurreikusita zituzten aurrez aurreko ekitaldi batzuk bertan behera utzi badituzte ere, Atorrasagasti «pozik» dago egitasmo garrantzitsuei aurre egin ahal izan dietelako. «Horrek ez du esan nahi Gabonei begira ezustekorik gorde ez dugunik. Urtea korapilotsua izan bada ere, urteurrenaren zapore onarekin heldu nahi diogu datorren garaiari». Gaineratu du «ahalegin berezia» egin beharko dutela berrikuntza prozesuan jarraitzeko, Bilboko, Iruñeko eta Donostiako ordezkaritzetatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.