Gabonetako programazio berezia emango du ETB3k egunotan

Olentzero eta Mari Domingiren bisitak, Ene Kantak jaialdia eta pailazoen ikuskizunak izango dira

ETB3k Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen Bizi dantza ikuskizuna emango du hilaren 25ean. SINADURA / FOKU.
urtzi urkizu
2020ko abenduaren 20a
00:00
Entzun
Neska-mutikoentzako askotariko emanaldiak eskainiko ditu ETB3k asteburu honetan hasi eta ikastetxera itzultzeko egunak iristen diren arte. 3 Ene Kantak saioak, gainera, ordutegia aldatuko du: bihartik aurrera, 09:30ean emango dute. Gainera, 14:00etan,urtebetetze bideoaren atala izango da ikusgai. Eta 20:00etan, bigarren emanaldia iritsiko da. Astelehenetik ostiralera arteko ordutegia izango da hori.

Ene Kantak taldekoen zaleek aukera gehiago izango dituzte datozen egunetan: hilaren 24an, Ene Kantak jaialdi erraldoia emango dute, 20:30ean. Gau horretan, Olentzero magikoa saio berezia emitituko dute, 22:55ean. Egun berean, Bilboko Arriaga antzokira joango dira ETB3ko kamerak, Olentzerorekin eta Mari Domingirekin egoteko.

Eguberri egunean, 25ean, Pirritx, Porrox eta Marimotots pailazoen Bizi dantza ikuskizuna emango du ETB3k, 18:25ean. Gau horretan, gainera, 2019ko EITB Jaia eta Cirque du Soleilen ikuskizun bat ikusi ahalko dira.

Urteko azken egunean ere pailazoekin gozatzeko modua izango da: Txirri, Mirri eta Txiribitonen Xaguxorroski ikuskizuna emango dute. Eta gauean, Ene Kantak eta Kantu Kolore taldeek Hiru3 jaian eskaini zituzten emanaldiak berreskuratuko ditu ETBko hirugarren kateak.

Marrazki bizidunei dagokienez, Eguberrietan hauek emango ditu ETB3k: JingleKids,Rabbid inbasioa, Roger, Mutil Neska Txakur Katu Sagu Gazta, Dora esploratzailea, Mike miragarria, Altxor jagoleak eta beste hainbat.

Animaziozko filmak ere emango dituzte datozen bi asteetan, 15:30ean: Lur eta Amets oroimenaren ehizan, Elkano lehen mundu bira, Lego Ninjago, Paddington 2, Asterix eta Obelix eta Yoko eta lagunak. Egunotan eta hilaren 31 arte, gainera, Zinetxiki jaialdia egingo dute Bilbon eta bertan emango dituzten zenbait lan goizetan ikusi ahalko dira ETB3n.

Olentzerorentzat urte berezi samarra izango da aurtengoa. Edonola ere, bihartik ostegunera arte, pertsonaia hori protagonista duen filmak emango ditu ETB3k goizetan: Olentzero Gabonetako ipuina, Olentzero eta sunbilaren lapurreta, Olentzero eta iratxoen jauntxoa eta Olentzero eta Amilaren sekretua.

Eduki horietako gehienak, ETB3n ez ezik, EITBren webgunean eta Hiru klubaren aplikazioan ere ikusi ahalko dira.

Hamaikan, goizetan

Hamaika telebistak, era berean, haurrentzako programazioa eskainiko du goizetan eguberrietako oporraldian: 08:00etan, Kiliklon saioa emango dute, Mira sorginaren abenturez hornitua: 09:30ean, Pandoraren kutxa; eta 10:00etan, Musikariak Ikastetxean. Saioak katearen webgunean eta Youtuben ere egongo dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.