'Piztu telebista' entretenimendu 'docu-show'-a ETBn ostegunetan

Euskal Herriko zortzi etxetan sartuko da saio berria, telebista nola ikusten duten jakiteko

Mutrikuko (Gipuzkoa) hiru emakumek osatutako familia batek parte hartuko Piztu tebista saioan. ETB.
urtzi urkizu
2021eko urriaren 10a
00:00
Entzun
Nola ikusten dute telebista Euskal Herriko familiek? Galdera horri erantzungo dion entretenimenduzko docu-show bat da Piztu telebista, familia giroan eta gazteekin gozatzeko moduko programa. ETBren arabera, eskaintza «berritzaile» eta «ausarta». Googlebox nazioarteko saio arrakastatsuan oinarrituta dago, Euskal Herriko egungo gizarte eta errealitatera ekarrita, eta euskaraz sortua. ETB1ek ostegun gauean estreinatuko du programa.

Astero, Euskal Herriko zortzi familiatako etxeen egongeletan sartuko da programa, eta telebista nola ikusten duten erakutsiko du saio berriak. Familia bakoitzari saio berak emango dizkiote ikusteko, eta bakoitzak programa horien aurrean zer esaten duen jasoko dute: komentarioak, erreakzioak, eztabaidak... Albiste, erreportaje, lehiaketa, dokumental, kirol saio, telesail, reality eta telebista magazinak jarriko dizkiete, denei eduki bera saio bakoitzean. Beraz, programak agerian utziko du Euskal Herriko familiek telebista ikusteko zer ohitura dituzten , eta familia arteko harremanak nolakoak diren ere erakutsiko du, atalez atal pertsona horiek hurbilago ezagutzeko aukera emango baitu. Egongelan gertatzen den guztia modu espontaneoan jasoko dute, freskotasunez eta naturaltasunez; izan ere, kamera bat bakarrik izango dute han, eta grabaketan gertatzen den hori ikusiko da programan, tonu umoretsuan.

Euskal Herriko familien eta euskal gizartearen aniztasuna jaso nahi dute programan, familia eredu ezberdinak ikusiko baitira pantailan. Hala, euskal gizartearen ispilu izateko asmoarekin sortu da programa.

Erresuma Batuko Channel 4 katean 2013az geroztik emititzen dute Googlebox. Mundu osoko telebista askotan egin dituzte formatu horren moldaketak. Orain, Euskal Herrira ere iritsi da formatu berritzailea, euskaraz.

'Munduko plazan'-i adio

ETB1eko ostegunetako prime-time-a Munduko plazan bidaia saioak bete du azkeneko bost asteetan, eta haren tokia beteko du aurrerantzean Piztu telebista emankizunak.

Munduko plazan-en seigarren eta azkeneko atala bihar gauean emango du euskarazko kateak, eta, horrenbestez, asteko eguna aldatu du azken astean. Leire Palacios kazetari eta aurkezleak—Euskadi Irratian Sarean saioa ere gidatzen du— Polonian bizi diren zenbait euskaldun topatuko ditu biharko bidaian: Aitor Arruza eta Izarra Berasategi, Varsovian; Sara Etxeberria, Vistula ibaiaren ondoko hondartzetan; Xango Gonzalez, Krakovia hirian; eta Niko Mindegia, Plocken.

Saioak atal berririk grabatuko dituen ala ez ezin da baieztatu orain. Ane Rotaetxe programako zuzendariak aipatu du lantaldeak «oso balorazio ona» egin duela proiektuaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.