Hamaikak 'Kolpez kolpe' bereziak egingo ditu hilaren 24an eta 31n

Karaokea egongo da Eguberri gauean. Urtezaharrean Donostiatik arituko dira, giro umoretsuan

Naroa Iturrik eta Ekhiñe Atorrasagastik gidatuko dute Urtezaharreko saio berezia Hamaika telebistan. HAMAIKA.
urtzi urkizu
Donostia
2021eko abenduaren 19a
00:00
Entzun
Hamaika telebistan izango da zer ikusi Eguberrietan. Batetik, Kolpez kolpe saioaren emankizun bereziak egingo dituzte Gabon gauean eta Urtezaharreko gauean. Bestetik, Tartean Teatroa taldearen zenbait antzezlan emango dituzte datozen hiru asteetan. Halaber, haurrei zuzendutako saioak eta musika emankizunak egongo dira. Eta Nafar away saioaren lehen denboraldia berreskuratuko dute astegunetan,22:00etan —atal berriak ari dira grabatzen egunotan, eta urtarriletik aurrera ikusi ahalko dira—.

Ekhine Atorrasagasti Hamaikako eduki arduradunak iragarri duenez, Gabon gauean Kolpez kolpe-ko lantaldeak Eskatzea libre gisako emankizuna prestatuko du. «Gertukoekin edo etxekoekin egoteko aukera izango ez duen herritar asko egongo da gau horretan. Askotarikoak izan daitezke arrazoiak: lanagatik, familiarengandik urrun bizi direlako, COVID-19aren eraginez, edo preso daudelako. Haientzat prestatuko dugu saioa». Karaokea izango da saioaren edukirik nabarmenetako bat. «Euskarazko kanten zerrenda bat prestatu du Kolpez kolpe-k Eguberri bezperako gaua alaitzeko eta irribarrea ateratzeko». 22:00etan hasiko dute emankizun hori, eta Hamaikaren webgunean zein Youtubeko kanalean ere ikusi ahalko da. Hurrengo egunean, Eguberri egunean, berriro emango dute, bazkalostean.

Urteko azken gauean, berriz, Donostiako platoan aurkeztuko du Kolpez kolpe berezia Naroa Iturrik. Alboan izango ditu Tessa Andonegi, Miren Legorburu eta Atorrasagasti bera. «Urteko kontu garrantzitsuenak berreskuratuko ditugu, kantuan arituko gara, eta esketxak emango ditugu». 22:55ean hasiko da saioa, eta 2022ko lehen arratsaldean berriz ikusi ahalko da.

Datozen hiru asteetan, bestalde, Musika zuzenean saioaren atal hautatuak emango ditu Hamaikak. Baita zenbait erremonte partida ere.

Neska-mutikoentzako saioen artean, Miru eta Pandoraren kutxa egongo dira.

Tartean-en sei antzezlan

Antzerki zaleek oso eskaintza berezia izango dute Hamaika telebistan: Tartean Teatroa konpainiaren sei antzezlan emango dituzte. Hauek izango dira emankizunak —guztiak, 20:00etan—: hilaren 25ean, Ghero: azken euskalduna; 26an, Pankreas; urtarrilaren 1ean, Zergatik Jamil?; urtarrilaren 2an, Lingüa Nabajorum; urtarrilaren 6an, Euskarazetamol; urtarrilaren 8an, Larru haizetara; eta urtarrilaren 9an, ED3 Euskal musikaren benetako istorioa.

Orain bertan sareko albistegi zerbitzua eskaintzen jarraituko dute egunotan.

Urtarrilaren 8an, Sare herritarraren mobilizazioaren berri emango du Hamaika telebistak, Kanalduderekin elkarlanean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.