UEUk 'Bekaduna' umorezko websaila estreinatuko du etzi

UEUren 50. urteurrena «modu jostagarrian» ospatzeko asmoz sortu dute lau ataleko fikzioa

Barrexerka taldeko aktore batek eta UEUko hamasei langilek jokatu dituzte websaileko pertsonaiak. UEU.
urtzi urkizu
2022ko maiatzaren 1a
00:00
Entzun

Udako Euskal Unibertsitatea UEU askotariko egitasmoen bitartez ospatzen ari da 50. urteurrena. UEU ezagutzen ez duten herritarrengana iristeko eta erakundeko bazkideak eta langileak omentzeko asmoz, websail bat sortu dute. Etzi estreinatuko dute Bekaduna umorezko fikzioa. Lau atalez osatuta egongo da, eta atal berri bakoitza bi astean behin argitaratuko dute. Erraz eta doan ikusi ahalko da websaila: UEUren Youtubeko kanalean.

Bira produkzioak eta Hiru Damatxo ekoiztetxeek elkarlanean egin dute websaila, eta aktore lanetan UEUko lantaldekoak aritu dira. Haiekin batera, Mikel Irazusta aktoreak (Barrexerka) pertsonaia protagonistetako bat jokatuko du.

Idoia Torregarai UEUko komunikazio arduraduna da proiektuaren arduraduna. Nabarmendu du egitasmoak «ilusio handia» piztu duela bere inguruan: «UEUren 50. urteurrena modu desberdin batean ospatu nahi genuen. Askotan, gisa horretako urteurrenak oso seriotik joan ohi dira, eta, nahiz eta horrelakoak ere beharrezkoak diren, UEUren izaera alaia eta parte hartzailea islatuko zuen zerbait egin nahi genuen».

Bira eta Hiru Damatxo ekoiztetxeetako sortzaileek The Office telesailean oinarritutako gidoi bat aurkeztu zioten UEUri. Lantaldeari gustatu egin zitzaion ideia, eta Torregaraik azaldu du lantaldeko kideak aktore bihurtzea «kontu edertzat» jo zutela. UEUko 21 langileetatik hamaseik parte hartu dute fikzioan. «Horrek zerbait esaten du UEUren inguruan. Grabazio egunetan oso urduri geunden, baina esperientzia zoragarria izan da».

Istorioa modu honetan hasten da: Simon Eibarrera (Gipuzkoa) joan da lan elkarrizketa bat egitera, baina, larrialdi bat dela eta, UEUren egoitzan sartu beharko du. UEUko langileek beste pertsona batekin nahastuko dute, eta, ordutik aurrera, dena kilker kaiola bat bihurtuko da.

Bekaduna websaila UEUren komunitate osoari egin nahi dioten opari bat da. «Komunitateko lagunei guri bezainbat gustatzea espero dugu», esan du proiektuaren koordinatzaileak.

Mikel Alvarez Bira ekoiztetxeko kidea pozik dago egitasmoa aurrera atera ahal izan dutelako. «Ideia zoro asko izaten ditugu, eta askok ez dute lekurik topatzen. Batzuek, ordea, argia ikusten dute: Bekaduna websailak, lekua baino gehiago, etxea topatu du UEUn». Gidoilariaren iritziz, beste inon ezingo litzateke proiektu hori aurrera atera.

Lander Arretxea BERRIAko telebista kritikari eta Hiru Damatxoko kideak ere parte hartu du fikzioan, eta hala esan du: «Ez du beharbada euskarazko fikzioa salbatuko, baina goiz aldrebes bat baino gehiago, bai». Alvarez eta Arretxea arduratu dira gidoiez eta zuzendaritzaz. Argazki zuzendaria, berriz, Beñat Iturrioz izan da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.