Musika. Rolling Blackouts Coastal Fever 'Hope Downs'

Sekulako kantu sorta

Diskoetxea: Sub Pop.

2018ko urriaren 7a
00:00
Entzun
Aspalditik ez dut prentsa musikalik erosten. Egia esan, biltzen dituzten edukiekin gero eta gutxiago identifikatzen naiz, salbuespenak salbuespen. Dena dela, badira sutsuki jarraitzen ditudan musika kazetari batzuk, eta horietako batek zerbait argitaratzen duenean, aldizkaria eskuratzen dut, ziztuan. Bada, uda baino lehen Ruta 66 argitalpena eskuratu nuen, Ignacio Juliaren artikulu interesgarri bat atera baitzen —uste dut Talking Heads taldearen ingurukoazela—, eta ale horren disko kritiken Hileko diskoa atalean aurkitu nuen Rolling Blackouts C. F. australiarren Hope Downs diskoaren iruzkina.

Sorpresa egundokoa izan zen, aurten gehien entzun dudan diskoa bihurtzeraino; hots, 2018ko nire disko kuttuna bilakatu da. Udan gehien entzun dudan LPa da, eta iruzkin hau hasi bezain pronto botako dut: Pixiesen Doolittle estreinakoz entzun nuen garaietako grina piztu dit, batez ere grabazioan jasotzen den gitarren soinuagatik, disko hau gitarra bihurriek sortutako melodiekin osatutako lana baita.

Boskoteak hamar doinu bildu ditu diskoan, Zeelanda Berriko eta Australiako poparen eztitasun artegagarriarekin eta AEBetako indie-rock klasikoaren garrarekin idatziak; hain justu, hiru dira kantuak idazten dituzten kideak, Tom Russo, Frak Keney eta Joe White, eta egiletza zabal hori di-da nabaritzen da diskoan, doinuok oso ezberdinak baitira haien artean. Horrek hasiera batean entzulearengan zalantzak sor ditzake, baina bigarren entzunaldirako jabetzen da pieza guztiak bikain lotzen direla, bata bestearen atzetik.

Edukiaren harira, lehenengo hiru kantuak zoragarriak dira: An Air Conditioned Man-ek Television taldearen gitarra kiribilduetatik edaten du; Talking Straight kiriotsua da, post-punk erritmo zazpikiekin eraikia, eta errepika nagusia buruan iltzatzen zaizu, berehala; eta Mainland malenkoniatsuagoa da, eta hori ere lelo itsaskorrekin moldatua dago, bai eta gitarra deabruek bultzatua ere. Baina gainerako kantuetan ere harribitxiak aurki daitezke; tartean, The Go-Betweens taldeari lapurtua dirudien Bellarine edo Pixiesen oihartzunak zabaltzen dituzten Sister's Jeans eta The Hammer.

Hortaz, diskoak ez du inolako berritasunik erakusten, 1980ko hamarkadako Ozeaniako pop ordezkarien eta AEBetako indie banda gitarra zaleen uztarketa baino ez baita (REM, The Feelies...), baina australiarrek tradizio hori gaurkotzeko aparteko ahalmena agertu dute, jangle pop garaikideko kantutzarrak sortzeko. Eta gaitasun izugarri hori Sub Pop zigiluak ere jakin du antzematen.

Laburbilduz, horrelako kantu sortak oso lantzean behin aurkituko dituzue disko berean. Bestalde, giroez, ehundurez eta bestelako trikimailuez gozatu nahi izanez gero, diskoetxeko kide duten Low taldearen lan berrira jo dezakezue. Nire aldetik ja egin dut hautua: Rolling Blackouts Coastal Fever boskotearen itsasertz eguzkitsuan geratuko naiz, luzarorako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.