Musika. Devin Townsend 'Empath'

Erregea biluzik dago

Diskoetxea: InsideOut Records.

Inaxio Esnaola Aranzadi.
2019ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Urte eta erdi eman du laborategian Devin Townsend jeinu kanadarrak. Etengabe sortzen aritu izanak makina bat buruhauste sortu dizkio. Sormena argitaratzeko modu desberdinak erabili ditu bere ibilbidean. Dena dela, bakarka osatu du disko zerrenda luzeena. Band eta Project atzizkiak ere erabili izan ditu, eta bi talderekin doinu desberdinak jorratu: Strapping Young Lad-ekin muturreko metal,a eta Casualties of Cool-ekin country rocka.

Townsend fenomenoak izan dituen azken barne borroken ondorioa da Empath disko zoragarria. Pazientziarekin entzun beharreko bilduma eklektikoa da. Bakardadean ondoen jorratu dituen doinuak nahasi ditu: muturreko metal progresiboa, hard rocka, orkestra eta ambient zein new age musika. Hori dena horren ondo nahasteko gaitasuna duen bakarra da munduan. Bera da erregea, eta azken denboran jantzitakoa erantzi du.

Psikologikoa eta teknikoa izan da prozesua, aitortu duenez. Ikus-entzunezkoen bidez dokumentatu du dena, eta pixkanaka erakutsi du sormen aroan izandako abenturak. Aurkeztu dituen hiru bideoklipak musikari xelebrearen zoramen kontrolatuaren ondorio dira. Genesis aurrerapen kantuaren bideoan mahai batean ageri da eserita, olagarro batekin. Aurikularrak jantzi, eta bidaia psikotropiko bat erakusten digu. Evermore abestian, berriz, katu batek espazioan dituen ibilerak erakusten ditu. Azkenik, Spirits Will Collide balada unibertsalean gorila bat ageri da baxua jotzen. Konposatu duen abestirik ederrenetakoa da.

Lasai asko adierazi zuen Townsend jaunak bi aldarte dituela diskoak. Batetik, superprogresiboa da, eta bestetik, melodikoa zein komertziala. Aipaturiko hiru abestiak dira horren isla, baina harribitxi gehiago ditu lanak. Esaterako, Hear Me anabasa progresiboa, Why? orkestra pieza eta hamaika minutuko Borderlands tropikala. Diskoa biribiltzeko sei ataletan banatu duen Singularity oparia eskaintzen die ordura arte iritsi diren entzuleei.

Okerrena da lau disko argitaratzeko asmoa iragarria zuela, eta hau dela lehendabizikoa. Kanadako artistaren sormenak ez du mugarik. Eskaini izan dituen emanaldiak ere ikuskizun bihurtu ditu, eta baita grabatu ere. Ondo legoke tartetxoren bat hartuko balu taula gainera itzultzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.