Black Country, New Road 'Ants From Up There'

Heldutasun goiztiarra

Diskoetxea: Ninja Tune.

2022ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Not The First Time zazpikote britainiarraren estreinako lanak sekulako laudorioak jaso zituen kritika espezializatuaren aldetik. Hartara, disko hori orriotara ekarri nuen banda gaztearen talentu eta ahalegina azpimarratzeko asmoz; halere, grabazioak ez ninduen erabat konbentzitu: «(...) Ez nau ase. Dena dela, eta taldekideen gaztetasuna aintzat hartuta, bigarren ahaleginean zerbait gehiago eskaintzeko gai izango dira, lehen esfortzu honetan sekulako trazak erakutsi baitituzte». Bada, 2022. urtea hasi, eta jarraian iritsi zaigu Black Country, New Road bandaren Ants From Up There, eta diskoaren edukia aztertzen hasi baino lehen, nabarmendu behar dut jauzia ikaragarria dela, bere aurrekaria aise gainditu baitu, aurten entzun dudan disko onenen artean kokatu arte.

Hala, bigarren honek ez du aurreneko haren gehiegizko aniztasuna biltzen, 1990eko hamarkadako post-hardcore erritmoak—Slinten itzalak bere horretan dirau, diskoari amaiera ematen dion Basketball Shoes-en, kasurako— eta indie-pop giroak baitira grabazioaren soinu ardatz nagusiak, tarteka, jazz izpi batzuk azaldu arren, batez ere, haize-instrumentuen presentziagatik.

Instrumentu guztien gainetik, baina, Isaac Wood gitarra jotzailearen ahotsa altxatzen da, hark eransten baitio banda ugariaren jarioari faktore bereizgarria, besteak beste, Chaos Space Marine eta The Place Where He Inserted The Blade doinuetan, non Dexy's Midnight Runners taldeko Kevin Rowland kantariaren oihartzunak sumatzen ditudan, urrunetik eta lauso izanagatik ere.

Bestetik, diskoaren alderdirik ahulena nahi baino gehiago nabarmentzen den alde epikoa da, Arcade Fire taldearen bidetik, epikan adituak direnen aburuz; esaterako, bederatzi minutu inguru irauten duen Snow Globes, zeinaren alde tragikoa zeharo alboratzeko gai naizen doinuaren amaieran entzuten den jazz kutsuko perkusio zaparrada zoragarria tarteko, Woodek eztarria urratzen duen bitartean.

Horrekin guztiarekin, taldeak erakutsi du bi obrarekin nahikoa izan duela heldutasunera iristeko, baita hasiera batean askotariko formak hartzen zituen proposamena zehazteko eta bere ezaugarri propioak itsasteko ere. Haatik, bigarren lan bikain honek zorigaiztoko berria ekarri du: Isaac Wood abeslariak taldea utzi du diskoa argitaratu eta segidan. Erabaki hori tarteko, hainbat kontzertu bertan behera gelditu dira, baina konturik zailena ahots bereizgarri eta ahaltsu horren ordezkoa bilatzea izango da, ordezkaezina baita. Black Country, New Road ezereztuko delakoan nago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.