Gazteek 'Artxipelagoa'-ren olatua hartu dutela nabarmendu du EITBk

Urrian EITB Podkast atariko entzunaldi guztietatik heren bat euskarazko fikzioarenak izan dira

Artxipelagoa fikziozko podcasta Ulu Mediak ekoizten du, EITBrentzat. Irudian, grabaketak. EITB.
urtzi urkizu
Donostia
2021eko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Egoera postapokaliptikoa 2103. urtean. Itsasoaren maila 500 metro igo da, eta salbu geratu diren lur apurrak hiri-estatuetan antolatu dira. Euskal artxipelagoa deiturikoa tartean. EITB Podkast-eko Artxipelagoa fikziozko podcasta entzun duenak badaki zertan dabiltzan hartan. Gerra badatorrela. Bihar, seigarren atala sareratuko dute. Zortzi ditu lehen denboraldiak. Oier Aranzabal fikzioaren bi zuzendarietako batek ETBn esan berri du bigarren denboraldia idazten hasi direla, baina EITBk ez du baieztatu jarraipena oraindik.

Datuek, oraingoz, itxaropenerako bidea ematen dute. Hala azaldu du Ainhoa Etxebeste EITB Podkasteko zuzendariak: «Apustuak merezi izan du, dauzkagun emaitzengatik eta olatua goranzko joeran doalako». Produktua ahoz aho zabaltzen ari da. «Whatsapp batetik bestera ere bai». Euskarazko eta gaztelaniazko podcastak eskaintzen ditu EITB Podkast plataformak, eta urrian bertan izandako entzunaldien heren bat Artxipelagoa-renak izan ziren.

Olatu hori gazteek ere hartu dutela ondoriozta daiteke Spotify plataformako datuak ikusita: fikzioa entzuten dutenen artean, 18 eta 22 urte artekoak %7 dira—«adin horretakoek normalean ez dituzte audioak entzuten»—; 23-27 urte artekoak %9 dira; 28-34 urte artekoak, %19, eta 35-44 urte artekoak, %38. Azken horiek dira podcasta gehien entzun dutenak. «Ikusten dugu gazteek amuari heldu diotela», dio Etxebestek. EITBko ordezkariak argi du: «Entzunezko edukiak jasotzeko ohitura ez dutenak erakarri nahi ditugu mundu honetara».

Analisi zehatzagoen zain

EITB Podkast atariko zuzendariak, bestalde, aitortu du zaila dela Interneteko plataforma guztien datuak biltzea, batzea eta analisia egitea. «Analisi zehatzagoetarako, hilabeteak beharko ditugu».

Baina hala ere, Artxipelagoa-k lortutakoak goraipatu ditu: esate baterako, Espainian Spotifyn entzuten diren podcasten zerrendan 69. tokira iritsi zen fikzioa urriaren 11n. «Euskarazko podcastek ez dute inoiz lortu halakorik». Bestetik, Googlen ehun jarraitzaile baino gehiago ditu Ulu Mediak ekoitzitako fikzioak.

Bide batez, iruzkin onak jasotzen ari dela aipatu du Etxebestek. «Batzuek aipatu didate aurikular hobeak erosi dituztela. Traganarruaren atala ahoz aho ibili zen, eta entzunaldiak biderkatu egin ziren».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.