Eskozia. I-18: Independentziari buruzko erreferenduma

ERABAKITZEKO ORDUA IRITSI DA

Edinburgo urduri dago iraileko bigarren asteburuan. Lau egun baino ez dira falta independentziari buruzko erreferendumerako, eta, nahiz eta Alex Salmonden gobernuak «belaunaldian behineko aukera» dela dioen, eskoziarrek badakite: orain da bozkatzeko garaia.

Samara Velte - Berriemaile berezia

2014ko irailak 14
Baretasun harrigarriz dator Eskoziaren historiako erabaki garrantzitsuenetakoa. Kalean hauteskunde giroa nabari da: hainbat leihotan Yes dioten kartel urdinak daude eskegita, eta kale-argietan zintzilik daude oraindik boto erregistroan izena emateko eskatzen duten kartelak. Tarteka autoren bat pasatzen da, bozgorailutik jendeari independentziaren alde bozkatzeko eskatuz; erdialdeko kale jendetsuetan, boluntarioek banatzen dituzte esku orriak. Herritar gehienak ohiko bideetan doaz presaka; sit in-etan bazkaltzen dute, edo take away-etatik eramaten dituzte ogitartekoak, ostiralarekin gauza handirik aldatuko ez balitz bezala. Haietako gehienek, ordea, izena emana dute osteguneko erreferendumean parte hartzeko: Hauteskunde Batzordeak inoizko erregistro kopuru handiena zenbatu du. 4,2 milioi eskoziarrek galdera bakarrari erantzun beharko diote irailaren 18an: «Eskoziak herrialde independentea izan behar al luke?».

Baiezkoaren aldeko kanpainek indar guztiak ipini dituzte bi urteko maratoiaren azken zati honetan. Yes Scotland kanpaina ofizialak Edinburgo erdialdean daukan egoitzatik dozenaka kaxa material ateratzen dituzte egunero kalean banatzeko. Han dago Dan Paris, SNP Eskoziako Alderdi Nazionaleko kidea: «Inkestak estutuz doaz; batzuetan baten alde egiten dute, eta besteetan, bestearen alde; beraz, bozketa egunera arte ezin izango dugu jakin zer aterako den. Baina suma daiteke hilabeteotan independentziaren aldera mugitu dela balantza. Konfiantza eta baikortasuna nabari da, batez ere gazteen artean».

Horretarako arrazoi bat izan daiteke independentziaren aldeko kanpaina ugari sortu direla, SNPk bultzatutako ofizialetik harago; besteak beste, Alderdi Berdeak, Alderdi Sozialistak eta RIC Independentzia Erradikalaren aldeko Kanpainak babestu dute Yes Scotland. Horiei esker, SNPri urrun geratu ohi zaion publiko mota batengana heltzeko gaitasuna dute: politika konbentzionalarekin zapuztutakoengana. «Frustrazio handia dago Westminsterrekin», azaldu du Parisek: «Hemen edozer bozkatzen dugula ere, Erresuma Batuko herritarren %9 baino ez gara; beraz, ezin dugu hango emaitzetan eragin». Erreferendumak hainbat sektoretan fedea berpiztu duela uste du: «Bozketa honetan, berdin balio dute Edinburgoko boto batek, Glasgowko batek eta Highlandsetako batek. Jendeak ulertzen du horren garrantzia».

Leith etorbideko bidegurutze batean, Tim Fraser-Granados gaztea ari da Parisek emandako esku orriak banatzen. Ziur da baiezkoak irabaziko duela: «2011ko hauteskundeetan ere hala izan zen: inkestek hamar punturen aldea ematen zieten laboristei, eta, azkenean, SNPk botoen %60 lortu zituen». Askorentzat, erabakigarria da asteotan gertatzen dena. «Galdera ugari egiten dizkigute gai ekonomikoen inguruan: nola mantenduko dugun libera esterlina, gobernuak pentsioei eutsiko ote dien, energia kontuak... Eta guk esaten diegu Londresko tory-ek Margaret Thatcherren 1980ko hamarkadako politika berberak egiten dituztela eta, hain zuzen ere, pentsioak salbatzeko modu bakarra baiezkoaren alde bozkatzea dela».

Edinburgo erdialdean, Princes Street jendetsuan, alaiagoa da irudia. Gurdi batetik musika ozen ipinita, buruhandiz jantzitako bi lagun ari dira dantzan: Alistair Darling laboristaren eta George Osborne Ogasun ministro kontserbadorearen aurpegiak daramatzate. Inguruan, beste hiru gazte kartoizko letra larri banarekin dantzan: Y-S-E; E-Y-S; eta, azkenik, Y-E-S. Oinezkoek irribarre egiten diete; turistak argazkiak ateratzeko gelditzen dira. National Collective taldeko ekintzaileak dira: independentziaren aldeko sortzaile talde bat. «Aspertuta geunden telebistan beti politikari serio eta trajedunak ikusten», dio kolektiboko kide Andrew Barrek. «Prozesu hau askoz dibertigarriagoa izan zitekeela erakutsi nahi genuen».

Kulturan eta artean diharduten gazteek osatzen dute nagusiki National Collective.«Edinburgo beti izan da kontserbadore eta ipurterre samarra, baina orain haren alde errebeldea ikusten ari gara. Sorkuntza prozesu baten antza du: jendeak bere buruari galdetzen dio zer garen eta zer izan nahi dugun,eta konfiantza handiagoa dauka zer egin nahi duen erabakitzeko».

Badaezpada, elkartuta

Bestelakoa da egoera Better Together (Hobeto elkarrekin) kanpainaren Glasgowko bulegoan. Hark alde ditu Londresko alderdi nagusiak eta hedadura zabaleneko komunikabideak, eta bulegoa telefonoz ari diren boluntarioz beteta dago, baina Yes Scotland-ek baino askoz presentzia txikiagoa du kalean. «Ez da gure estiloa», dio Michael Marra kanpainako estrategak: «Erresuma Batuaren parte izatea oinarrizko elementua da eskoziar askoren bizitzan, eta ondo pentsatu beharreko erabakia da. Badakigu Yes-ekoak kanpaina gogobero eta pasioz betea egiten ari direla. Haien aldean, gure jendea askoz arrazionalagoa eta analitikoagoa da».

Hala ere, zailagoa da zerbaiten aurkako kanpaina egitea, zerbaiten aldekoa baino: «Yes eta No. Hitzek bakarrik adierazten dute konnotazio bat, eta ez da erraza ezezkoa zerbait positiboa dela adieraztea». Horregatik, independentziak dakartzan arriskuak nabarmentzea da Better Together kanpainaren estrategiaren zutabeetako bat. «Eskoziarako proiektu politikorik ez proposatzea leporatzen digute, baina hori alderdien zeregina da, eta gure kanpaina alderdi askok osatzen dute». Nagusiak alderdi kontserbadorea, laborista eta liberal demokrata dira; askorentzat, ordea, nabarmena da Londresen eskua kanpainaren mezuetan. «Baiezkoaren kanpainaren eragile nagusia SNP da, eta hark erabakitako ildoari jarraitzen diote, gutxi-asko, gainerako taldeek».

Hasieran, Yes Scotland-en eskariak ukatzea zen Better Together-en estrategia. Denborarekin, ordea, bi kanpainetako aldarrikapenak, polarizatu ordez, elkarrengana gerturatu dira. Kontrakoek ere Eskoziarentzako eskumen gehiago eskaini dituzte azkenerako, David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroaren ahotik. «Eskumen asko dauzkagu jada», azaldu du Marrak: «Hezkuntza guk bakarrik kontrolatzen dugu; parlamentua eduki dugu hamabost urteotan... Beraz, galdera ez da ea Eskoziak nazio gisa iraun ote dezakeen, baizik eta zer den hobea Eskoziarentzat. Eta baietz bozkatzea arrisku handiegia hartzea da».

Etorkinen garrantzia

Nazio identitateari buruzko galderek apenas duten lekurik kanpaina batean zein bestean, are gutxiago bertako hizkuntza gutxituek. Eztabaida, batez ere, gizarte ereduaren eta ongizatearen ingurukoa da. «Nazionalismo etniko batek ez luke funtzionatuko hemen», dio Parisek: «Eskozian, jende gehienak du familian migranteren bat. Horren ordez, diskurtso inklusiboagoa daukagu».

Kanpaina independentista babesten duten alderdiak, oro har, unionistak baino ezkertiarragoak dira. Eta etorkinen artean babes handia lortzea espero dute. «Hemen ez dago han behean [Ingalaterran] dagoen xenofobiarik», azaldu du Graham Campbell Africans for Independence (Independentziaren aldeko afrikarrak) taldeko kideak: «Londresek atzerritarren aurkako legeak onartu dituen bakoitzean, Eskoziako gobernua izan da erantzun dion bakarra: kanpoko ikasleentzako bisak mantendu ditu, eta, Londres asilo eskaerak ukatzen eta haur migratzaileak atxilotzen hasi zenean, Eskoziako Parlamentu osoak hitz egin zuen haren aurka».

Inkestetatik ezin ondoriozta daiteke nork hartuko duen aurrea osteguneko bozketan. Argi samar dago, ordea, eskoziar gehienek parte hartuko dutela. Ez baitira hauteskunde arruntak. Ez daude boterea banatuko duten lau edo bost alderdi: irabazle bat eta galtzaile bat egongo dira. «Emaitza edozein dela ere, ostiral goizalderako erdibitutako herrialde bat izango dugu», dio Parisek: «Erdiek baten alde egingo dute; beste erdiek, bestearen alde. Eta, hortik aurrera, asmatu egin beharko dugu herrialde gisa jarraitzen».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna