Koronabirusa

Birusaren bigarren olatua etor daitekeela iragarri du Nekane Murgak

Jaurlaritzak neurri murriztaileak ezarriko ditu datorren astean aisialdiari begira. Hegoaldean kasuak ugaritu egin dira azken orduetan

Olatz Esteban Ezkati.
2020ko uztailaren 25a
00:00
Entzun
Koronabirusaren agerraldiak ugaritu egin dira azken asteetan, eta agintariek neurriak zorroztera egin dute. Azkena Eusko Jaurlaritza izan da: datorren astean neurri murriztaileak ezarriko dituela iragarri du Nekane Murga Osasun sailburuak. Ser irratian eginiko elkarrizketan, Murgak adierazi du «koronabirusaren bigarren olatua izan litekeena» gertatzen ari dela egun, eta horren ondorio direla neurriok. Sailburuak aurreratu du neurriak gaueko aisialdian aplikatzeaz gain jendea pila daitekeen bestelako ospakizunetan ere aplikatuko direla, besteak beste ezkontzetan eta beilatokietan. Gainera, ordutegietatik harago joango dira neurriok.

Uda gorabeheratsua izaten ari da koronabirusa dela eta, hilaren hasieran agerraldi berriak atzematen hasi zirenetik. Atzo, positiboen kurbak beheranzko joera hartu zuen, baina azken orduetan gorantz egin du: osasun agintariek jakinarazi dute Hegoaldean 227 herritarrek eman dutela positibo COVID-19aren proban, aurreko egunean baino 23 gehiagok. Positibo gehienak Nafarroan detektatu dituzte, eta igoera nabarmena izan da herrialde horretan: aurreko egunean, 66 kasu atzeman zituzten; azken zenbaketetan, berriz, 91. Bizkaian 86 kasu detektatu dituzte, eta Gipuzkoan, 35. Halaber, Araban gora egin dute kasuek: bikoiztu egin dira egun batean, eta 13 izan dira azken kontaketan.

Bilboko kasuek gora egin dutela eta, Nekane Murga Jaurlaritzako Osasun sailburuak asteon jakinarazi du agerraldi bat detektatu zutela hiriko taberna batean. Aurreko hiru egunetan, 72 positibo atzeman zituzten hirian; horietatik 33k lotura izango lukete agerraldia izan den taberna horrekin. Azken orduetan beste 23 positibo izan dira Bilbon, baina Jaurlaritzak ez du argitu agerraldi horrekin lotuta dauden. Ermuan ere beste hemeretzi kasu detektatu dituzte, eta dagoeneko 153 dira larunbatetik herrian atzemandako kasuak. Sailburuak asteburuan adierazi zuen Ermuko positibo ugarik lotura zutela inguruko beste herrietako agerraldiekin.

Gipuzkoako hainbat herritan izandako agerraldiak kontrolpean daude oraintxe; besteak beste, Bergaran, Tolosan eta Zarautzen atzemandakoak. Halere, herri horietan gaueko aisialdia mugatua dago oraindik ere. Eibarren, berriz, kutsatzeak ez dira erabat baretu, azken orduetan 17 kasu detektatu baitituzte.

Halaber, Mendillorrin (Nafarroa) dago orain oldarraldirik indartsuena: agerraldiarekin lotura duten 151 kasu detektatu dituzte dagoeneko. Nafarroako Osasun kontseilari Santos Indurainek argitu du azken orduetan detektatu diren positibo berrietatik lauk lotura dutela Mendillorriko agerraldiarekin. Nafarroan kasuak ugarituz doazen arren, kontseilariak adierazi du orain bertan ez dagoela «transmisio komunitariorik», baina ohartarazi du «oldarraldi konplexuak» badirela, eta haiek kontrolatzea dela lehentasuna orain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.