Koronabirusa. Hirugarren fasea

Igerilekuak. Ausartenak baino ez dira ausartu

Udal igerilekuak irekitzen hasi dira, baina eguraldiak ez du askorik lagundu. Artxandakoan (Bilbo) lekuak zedarritu dituzte, eta erreserba aurrez egin behar da

Igerilari bat, soroslearen begiradapean, atzo, Artxandan (Bilbo). MARISOL RAMIREZ / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2020ko ekainaren 9a
00:00
Entzun

Lanbrotuta esnatu da Bilbo, eta tarteka euria ari du. Baina Jose Manuel Gomez hiru bilobekin etorri da Artxandako kiroldegira, igerilekuan goiza ematera: «Begira zer eguraldi dagoen, eta, hala ere, uretara. Umeak ohituta daude hona etortzen, eta gaur ere [atzo], berritasunagatik besterik ez bada ere, etorri egin gara». Izan ere, hirugarren fasean sartzeaz batera, kiroldegiak zabaltzen hasi da Bilboko Udala. Artxandakoa izan da lehena, eta bilbotar askorentzat hango igerilekua da duten txokorik preziatuena.

Baina eguraldiak ez du askorik lagundu, eta ausartenak baino ez dira lehen egunaz baliatzera deliberatu. Igerilekuan hamabi kale egin dituzte, bakoitza igerilari bakar batek 45 minutuz erabiltzekoa, eta aldez aurretik txanda hartu behar da Bilbao Kirolak elkartearen webgunean. 81 lagunek eman dute izena lehen egunerako, baina, kazetariak kiroldegira sartu direnean, bakarra zegoen igerilekuan gora eta behera, eta harengana jo dute telebista kamera eta argazkilari guztiek, Michael Phelps balitz bezala.

Igeri egin nahi ez baina uretan freskatu nahi dutenentzat zein umeentzat, berriz, igerileku handiko bazter bat eta igerileku txikiak gorde dituzte.

Igerian aritzeko ez ezik, eguzkia hartzeko ere erabiltzen dute askok igerilekua. Haientzat ere toki bat gorde dute igerileku ondoko harmailetan. Lekuak zedarritu dituzte: badaude pertsona bakarrarentzako tokiak, eta badaude taldean erabili daitezkeenak —gehienez sei lagun—. Horiek ere aldez aurretik eskatu behar dute txanda: eguraldi kaskarra dela eta, hamalau pertsonak baino ez dute erreserba egin lehen egunerako.

«Osasun eta segurtasun neurri zehatzak hartu ditugu», esan du Gazteria eta Kirol zinegotzi Itxaso Errotetak. «Bolada gogorra izan dugu, eta jendeak merezi du aire zabalean atseden hartu ahal izatea». Ez du uste erreserba aldez aurretik egin beharrak jendeari atzera eragingo dionik: «Herritarrak ohitzen ari dira leku askotan beste era batera funtzionatzen».

Igerileku estalia ere badu Artxandako kiroldegiak, baina hori, oraingoz, itxita dago. San Inazio eta Zorrotza auzoetakoak, berriz, ekainaren 15ean irekiko dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.