Pastor
DARWIN ETA GU

Lesbiana suizidaren apeta

2019ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Lesbiana suizida dugu Eva Baltasar katalanaren Permagel nobelako pertsonaia nagusia. Eta umetan, bihurria. Hamabi urte dituenean ahizpa bat izateko gogoa piztu zaio eta, gurasoek horretarako asmorik ez dutela sumatuta, bere lana egin du: haien logelako tiraderan Durex hitza idatzia duen paketea aurkitu du eta barruan geratzen diren bi kondoiak atera ditu —«bat goian, bestea behean»—. Orratz fin batekin zulatu ditu biak, zorroa ireki gabe, eta berriro sartu ditu kutxan, egindakoaren arrastorik utzi barik.

Ahizpa bat izateko apetak eman dion arren, nihilismoaren bidean hasi berria da neskatoa. Bat egiten du Eva Baltasarrek liburuaren hasieran jarritako esaldiarekin—Thomas Bernhard idazle austriarraren idazlan batetik hartua da—: «Jaiotzea zoritxarra da, esaten zuen, eta bizi garen bitartean zoritxar horri segitzen diogu».

Bernhardekin ados da Raphael Samuel indiarra. 27 urteko gaztearen ustez, bizitzea sufrimendua da. Hori dela eta, auzitara eraman nahi ditu gurasoak, mundura ekarri zutelako. Samuelek antinatalistatzat jotzen du bere burua. Hark dioenez, umerik ez izatea da onena. Haurrek ez dute sufrituko eta gizakia Lurretik joango da. Hobe planetarentzat eta animalientzat.

Samuelek mezu zirikatzaileak hedatu ditu sare sozialetan, haurrei zuzenduak: «Zure gurasoek zeu izan zintuzten, jostailu edo txakur bat izan beharrean. Zuk ez diezu ezer zor; haien entretenimendua zara». Gurasoak izateko gogoa kritikatu du: «Ugaltzea bizitzako ekintza nartzisista handiena da».

Bost urte zituenean egin zituen Samuelek gaiari buruzko lehenengo gogoetak. «Zergatik ekarri ninduzuen mundura?», galdetu zion aitari. Eta hark zer erantzun jakin ez. Gurasoek ondo hartu dute haren salaketa bitxia. Abokatuak dira, eta ez dute uste semearen auzibideak ezer ekarriko duenik. Nahiz kontrakoa pentsa litekeen, haien arteko harremana oso ona da.

Umeak ez ekartzeko deiak badu beste helburu bat, gazteak esan duenez: inor ez sentiaraztea aita edo ama izatera behartuta. Seme-alabarik ez dutenak txarto ez sentitzea. Izan ere, jende askok ez du konturatu nahi umeak izatea bezain errespetagarria —edo nartzisista— dela umerik ez izatea. Bai: «zergatik ez duzu seme-alabarik?» galderari «zergatik dituzu seme-alabak?» galderaz erantzun lekioke.

Gizartearen presioa handia da, baina. Badirudi isileko epaiketa publikoa egiten zaiola umerik gabeko jendeari. Eta azterketa pubikoa: «Hanka gorria usteltzen hasi zaio gizonari?». Emakumeen gaineko presioa askoz ere handiagoa da. Ama ez bada, osatu gabea da. Antzua. «Errua» berea da, estatistiken arabera gizonen eta emakumeen antzutasun portzentajea berdin antzekoa bada ere. Gainera, gizonak bere ohorea salbatu nahi du. Bat baino gehiago zintzurretik arrastaka eraman dute esperma aztertzeko proba egitera. Eta egia jakin arte estu eta larri egon dira, tumore baten biopsiaren emaitzaren zain egongo balira bezala. Antzua izatea minbizia delako gizonkeriarentzat. Gero, umea eginez gero, «gizona naiz» esaten dute, harro. Ez, ez da tropiko urrunetan entzuna. Euskal Herria ere macho land da.

Zer erantzun jasoko genukeen gaztetan geure sorrerari buruzko galderak egin bagenitu etxean? «Zergatik ekarri ninduzuen mundura?». Edo destroyer-ago: «Zuen maitasuna ez zegoen osorik ni gabe? Ezin zineten zoriontsuak izan haragizko jostailurik gabe?». Nagusiak gara, eta denok dakigu erantzunen multzoan denetarik egongo zela. Batzuetan benetako arrazoiak, ezin dotoreago jantziak —«gure maitasun garden mugagabearen goreneko altxor dirdiratsuena izan zinen, maitea»—, baina, bestetan, isildu egingo ziren gurasoak —«herriko festetan apur bat mozkortu ginen, kalentoia, eta ez genuen gelditzen jakin»—. Eta bi mutur horien artean...

Hortaz, hobe ez galdetzea, ez lehen, ez orain, ezustekorik ez izateko. Izan ere, ez litzateke oso atsegina izango jakitea mundura sortu ginela anaia edo arreba zaharrari apetak eman ziolako eta aitaren kondoia zulatu zuelako, ezta?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.