Albistea entzun

Gerra Ukrainan. Putinen diskurtsoa

Ukraina, Putinen arabera: herri bera, «bereizi ezin» litekeena

Moskuk hasitako operazio militarra ulertzeko Vladimir Putinek gako asko eman zituen astelehenean. Ukraina eta Errusia «herri bakartzat» jo zituen, eta boltxebikeei egotzi zien banatzeko oinarria jarri izana.
Vladimir Lenin buruzagi komunistari egotzi dio Putinek Ukrainaren eta Errusiaren arteko zatiketa bideratu izana.
Vladimir Lenin buruzagi komunistari egotzi dio Putinek Ukrainaren eta Errusiaren arteko zatiketa bideratu izana. MAXIM SHIPENKOV / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Iñaki Petxarroman -

2022ko otsailak 27

Ordubeteko agerraldi arranditsua izan zen, Errusiako telebistak zuzenenean emana. Donbassko herri errepubliken independentzia aitortzeko baliatu bazuen ere, Errusiako presidente Vladimir Putinek Ukrainaren eta Errusiaren arteko gatazkaren gako historiko eta politikoak zerrendatu zituen, bere ikuspegia azalduz. «Ukrainak ez du berezko estatu izaerarik. Errusiak sortu zuen».

Zabaldutako edukia ez zen berria. Iazko uztailean Kremlinen webgunean argitaratu zuen Ukrainar eta Errusiarren Batasun Historikoaz artikuluan xehetu zituen bere ideiak. Esaldi honetan labur daiteke bere pentsamenduaren mamia: «Ziur naiz ezen Ukrainaren benetako subiranotasuna posible dela bakarrik Errusiarekiko lankidetzan».

Hain zuzen ere, elkarlanerako izpiritu horri bizkar eman izana egotzi die Ukrainako buruzagiei. Errusiarekiko «gorrotoa» elikatzea aurpegiratu die, duela 30 urte bi herrialdeen artean indarrean zen «elkarlan eredugarria» zapuzteraino. «Genuen elkarlana Europako Batasunak ere miretsi beharko luke. Bazkide ekonomiko berezko eta osagarriak gara. Horren harreman estuak lehiakortasuna handi dezake, bi herrialdeon aukerak hobetuz».

Horri muzin egin izana egotzi dio egungo Ukrainako elite politikoari, eta herrialdearen mugak AEBei «saltzea». «Ez dugu onartuko gure lurralde historikoak eta guregandik gertu bizi diren pertsonak Errusiaren aurka erabiltzea. Ahalegin horretan tematzen direnei esan nahi diet euren herria bera suntsituko dutela», ohartarazi zuen Putinek. «Belaunaldiz belaunaldi igarri da gure ahaidetasuna. Egungo Errusian eta Ukrainan bizi diren pertsonen oroimenean eta bihotzean dago, milioika familia batzen dituzten odol loturetan. Elkarrekin indartsuagoak eta arrakastatsuagoak izan gara, eta izango gara, herri bakarra baikara».

Putinen iritziz, errusiarrak, ukrainarrak eta bielorrusiarrak Errusia Zaharreko jatorrikoak dira. Erro historiko eta kultural bera dute herrialdeek, Putinen iritziz, baita hizkuntzaren aldetik ere. «Errusiako mendebaldeko lurrak estatu bakarrean sartzea ez zen erabaki politiko eta diplomatikoen ondorio hutsa izan. Fede komunak, kultur tradizio partekatuak eta —berriro ere azpimarratu nahi nuke— hizkuntza-antzekotasuna zuten oinarri».

Boltxebikeen «lapurreta»

Putinek uste du «herri beraren» hausturaren kimua Errusiako Iraultzak eta boltxebikeek jarri zutela. «Batasunetik askatasunez banandu ahal izateko errepubliken eskubidea Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna (SESB) sortzeari buruzko adierazpenaren testuan jaso zen eta, ondorioz, 1924ko Konstituzioan. Horrela, egileek gure estatuaren oinarrian jarri zuten erloju-bonbarik arriskutsuena». Boltxebikeek «gizarte esperimentuetarako» erabili zuten Errusiako herria, Putinen hitzetan. «Nazio estatuak ezabatuko zituen munduko iraultza zuten amets, eta, horren ondorioz, eskuzabal oparitu zituzten lurraldeak. Jada ez da garrantzitsua zer zen zehazki herrialdea zatika txikitzen ari ziren buruzagi boltxebikeentzat. Kontu bat, baina, argi dago: Errusia lapurtu egin zuten». Vladimir Lenini egotzi zion, zehazki, Putinen iritziz «izateko eskubide historikorik ez zuen» Ukrainako estatua sortzea.

Prozesu horretan kokatu zuen Putinek Krimearekin gertatutakoa ere. Izan ere, XVIII. mendean Errusiak Otomandar Inperioari konkistatu ostean, 1954an Nikita Khruxevek «oparitu» egin zion penintsula hori Ukrainari. Sobiet Batasunaren hausturaren ostean, Ukrainaren menpe jarraitu zuen Krimeak, baina 2014an Errusiak beretzat hartu zuen.

Sobiet Batasunaren desegite prozesuan gauzak nola egin ziren ere kritikatu zuen Putinek. Izan ere, uste du «huts handia» izan zela errepublikei independentzia eskaini izana. «Errepublika horiei batasunetik irteteko aukera eman genien, oinarri eta baldintzarik gabe. Hori erokeria bat izan zen», adierazi zuen asteleheneko hitzaldian. Hori ere Errusiari egindako lapurretatzat jo zuen. Errespetatu behar da herrialde batek bide propioari ekitea, Putinen ustez, baina baldintza batzuekin: «Batasunaren sortzaile izan ziren errepublikek, 1922ko Batasuneko Ituna salatu ostean, Sobiet Batasunean sartu aurretik zituzten mugetara itzuli behar dute. Gainontzeko lurralde guztiak eztabaidagai eta negoziazioen emaitzen menpe daude, oinarria baliogabetu zela kontuan hartuta».

Donbass eta NATO

Asteleheneko adierazpenean Putinek gogor jo zuen Ukrainako buruzagiek Donbassen egindako «sarraskiaren» aurka («genozidiotzat» jo zuen) eta ziurtzat jo zuen Errusia «bat-bateko eraso baten mehatxupean» egongo litzatekeela baldin eta herrialdea NATOn sartuko balitz. «Orain ez dugu muga bat Ukrainarekin, baizik eta AEBekin, haiek direlako herri horretako nagusiak. Errepubliken aitortza egin behar dugu, baina are garrantzitsuagoa da gure herrialdea babestea».

Putinen esanetan, Donetskeko eta Luhanskeko bizilagunek armak hartu zituzten euren etxea, hizkuntzak eta bizitzak defendatzeko. «Beste aukerarik utzi al zitzaien Ukrainako hirietan zehar izan ziren istiluen ostean, Odessan, non Ukrainako neonaziek jendea bizirik erre zuten? Masakre bera prest zegoen Donetsk eta Luhansken egiteko».

Donbassko gatazkari amaiera adostua eman behar zioten Minskeko akordioekiko atxikimendua puskatu duena Ukraina dela iritzi dio Putinek, hark ekin diolako indarrez bertako herritarren aurka. «Errusiak dena egin du fratizidioa geldiarazteko. Donbassko gatazkaren konponbide baketsua helburu duten Minskeko akordioak egin dira. Ziur nago oraindik ez dutela alternatibarik», zioen iazko uztaileko artikuluan. Egunotan, akordio hori bonben azpian utzi du Errusiak, baina negoziazio berri batean oinarri gisa erabili nahi dituela adierazi du.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Martxo bukaeran 1.200 metro koadroko izotz plaka bat askatu zen Antartika ekialdean, eta icebergetan zatitu. ©NASA

Antartikako izotza salbatzeko, garaiz da, baina azken aukera izan liteke, zientzialarien arabera

Mikel P. Ansa

Batez besteko tenperatura bi gradu igoko balitz, munduko izotz geruzarik handiena urtzeko prozesua bizkortu egingo litzateke, eta horrek itsasoaren maila hazaraziko luke: bost metro ere haz liteke 2500erako.

Dnipropetrovsk eskualdean Marhanets hiriko eraikin baten irudia, atzoko leherketaren ondoren. ©EFE

Gutxienez hamahiru lagun hil dira Dnipropetrovsken Errusiak egindako bonbardaketa batean

Zuriñe Iglesias Sarasola

Susmoa dago Zaporizhiako zentral nuklearretik egin ote duen erasoa Moskuk. Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak adierazi du ez dagoela berehalako mehatxu nuklearrik.

Egeoan erreskatatutako migratzaile talde bat Kios irlan lehorreratzen, artxiboko argazki batean. / ©Pantelis Fykaris, EFE

Dozenaka migratzaile desagertu dira Egeo itsasoan, txalupa iraulita

Arantxa Elizegi Egilegor

Greziako kostazainek 29 lagun erreskatatu dituzte bizirik, eta gehiagoren bila ari dira. Turkiako Antalya hiritik irten zen txalupa, 80 pertsona ingururekin.

Parisko Charles de Gaulle aireportua, artxiboko irudi batan. ©CHRISTOPHE PETIT TESSON / EFE

Poliziak labana bat zuen gizon bat hil du Parisko aireportu batean

Berria

Charles de Gaulle aireportuan izan da hilketa. Poliziaren arabera, gizonak eraso egin die.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...