Albistea entzun

'Obama aroaren' amaiera. Soslaia. IRITZIA

Kapitainaren bakardadea

Osama Bin Ladenen kontrako operazio militarraren zuzenekoa ikusten, Etxe Zurian.
Osama Bin Ladenen kontrako operazio militarraren zuzenekoa ikusten, Etxe Zurian. PETE SOUZA / ETXE ZURIA / EFE

Mikel Aramendi -

2016ko azaroak 6

Hegazkin-ontzi estatubatuarra eta itsasargi kanadarraren arteko elkarrizketa barregarriaren istorio guztiz apokrifoak ?baina ondo asmatutako apokrifo asko bezala, guztiz egiazkotzat hartu ohi denak? protagonista bat izan du azken bi hamarkada hauetan: USS Abraham Lincoln hegazkin-ontzia. Batek daki zergatik egokitu zitzaion txantxaren jomuga izatea Nimitz klaseko bosgarren erraldoiari. Antzeko zoritxarren batengatik tokatuko zitzaion geroago bene-benetako beste adarjotze baten eszenatoki ere izatea: 2003ko maiatzean George W. Bush presidentea eramanez «Mission Accomplished» pankartatzar gogoangarria erakutsiz porturatzea suertatu zitzaion San Diegon Irakeko gerratik bueltan. Ondorengo zortzi urteek erakutsiko zuten zein zentzugabea zen goiburu hura.

Abraham Lincolnen eredu historikoarekin duen atxikimendu ezagunak ere ez du lortu Barack Obama presidenteak haren izena daraman hegazkin-ontzian oina ipintzea; egia esateko, apenas ukitu duen beste ezein ere. Esaten da, hala ere, Osama bin Laden hiltzeko eguna «Mission Accomplished» lotsagarri haren urteurrenean nahitara ipini zuela. Litekeena, Obamaren izaera intelektuala eta testuingurua kontuan izaten bada. «Hotza», «bakartia», «itxia», «pentsakorregia» dela esaten dute denek. Eta bere atzerri-politikak horrelako zerbait islatzen du, dudarik gabe. Kalkuluz betea... bete ezinezko kalkuluz. Behin bakarrik atera da ildo horretatik: 2009ko ekainaren 9an Kairoko Unibertsitatean egin zuen hitzaldian; ondorengo gertaerak ikusita, ezin esango dugu arrakastatsua izan zenik.

Seguruenera, lainopean itsasargiaren oineko haitzetara zuzenean doan barkuaren kapitain sentitu da Obama bere agintaldiaren zortzi urte hauetan. Jasotako herentzia halakoa baitzen: bi gerra handitan sartuta eta beste hamaika iskanbilatan nahasita, aspaldian parekorik gabeko krisiari aurre egin behar zitzaion... baina New Deal bat egiteko gaitasunik edo gogorik gabe. Irak eta Afganistaneko gerrak amaiaraztea betebehar ekonomikoa zen, beste ezer baino gehiago. Asia Hego-mendebaldean, Europan eta munduko beste hainbat bazterretan AEBen presentzia politiko-militarra murriztea ekonomiaren ezarpena zen bezalaxe. Lehentasunak doitu beharra zegoen, alajaina.

Baina hegazkin-ontzi erraldoien norabidea aldatzea baino oraindik zailagoa da Estatu Batuak birbideratzea. Guantanamo erabat ixtea ere ez du lortu. Ekialde Ertainetik ofizialki irten ondoren, berriro itzuli egin behar izan du, berak hauspotu zuen Udaberri Arabiarra anabasa bihurtu denean. Iranekiko akordioa, eta zonalde osoko aliantzen eraldaketa zintzilik geratzen zaio, bere ondorengoek zer egingo zain. Europan bakarrik lortu du «hor konpon»-aren politika nola edo hala gauzatzea (Kaukasoan, Ukrainan, Krimean?). Lorpenik handiena, Kubarekiko harremanak berregitea, ia inork ez dio eskertzen etxean...

Hala ere arazorik handiena Obamak berak, beste zuhurtzia guztiarekin, joko-zelai nagusitzat hautatu zuen Asia Ekialdean geratzen da konpontzeke ez ezik gaiztotze-bidean. Txinaren goraldiari hesia eraikitzeko politika ez da hegatu. «Bakarrik utzi dute horretan, bere Administrazioan» esaten zuen oraintsu F. Zakariak. Kapitainen patua da bakardadea, ia beti.

Datozen urteetan ikusiko da ontziak haitzei iskin egin dien.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©RAUL BOGAJO / @FOKU

«Bake akordioek diotenarekin alderatuz, atzera egin da guztiz»

Igor Susaeta

El Salvadorko gerra zibila bukatu zuten itunek 30 urte beteko dituzte 2022ko urtarrilean. Cruzen ustez, «atzeraldi demokratiko bat» gertatzen ari da herrialdean. Nayib Bukele presidentea jo du horren erantzule nagusitzat.
Antony Blinken AEBetako Estatu idazkaria eta Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroa, atzo, Stockholmen, Ukrainako krisia aztertzeko egin zuten bileran. ©EFE

Errusiak segurtasun itun bat proposatuko dio «laster» NATOri

Gorka Berasategi Otamendi

Lavrov eta Blinken Ukrainaz hitz egiteko bildu dira. Moskuk ohar egin du bere segurtasun kezkei entzungor egitearen arriskuez. Washingtonek eskatu dio diplomaziaren bidea hautatzeko
Angela Merkel eta Olaf Scholz, gaurko agerraldian. ©FILIP SINGER / EFE

Alemania, derrigorrezko txertaketa onartzeko bidean

Ander Perez Zala

Merkelek jakinarazi du nahitaezko txertaketa ezartzeaz bozkatuko dutela diputatuek; otsailean sartuko litzateke indarrean. Txertorik hartu ez dutenak ezingo dira sartu jatetxeetan, tabernetan eta dendetan.

Bi bidaiari Johannesburgoko OR Thambo nazioarteko aireportuan, herenegun. ©KIM LUDBROOK / EFE

Von der Leyen: «Derrigorrezko txertaketa aintzat hartu beharko luke EBk»

Ander Perez Zala

Europako Batzordeko presidentearen iritziz, estatu kideek «ikuspuntu komun bat» behar dute. OMEk dio egunotan izango duela informazioa omikron aldaeraz

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.